Síguenos en redes sociales:

Bizitzako lehen urteetan animaliak izateak eragina izan dezake haurren garapen emozionalean

EHUk etxeko animaliak izateak haurren ongizate psikologikoan izan dezakeen eraginari buruzko ebidentziak bildu dituen azterlanean hartu du parte

Bizitzako lehen urteetan animaliak izateak eragina izan dezake haurren garapen emozionaleanEHU

Euskal Herriko Unibertsitateko ikerlari Ainara Andiarenak parte hartu du etxeko animaliak izateak haurren ongizate psikologikoan izan dezakeen eraginari buruzko ebidentziak bildu dituen azterlanean, INMA Proiektuko (Haurtzaroa eta Ingurumena) ikerkuntza talde baten barruan.

INMA Proiektua CIBERESPek (Epidemiologia eta Osasun Publikoko Sareko Ikerketa Biomedikoko Zentroa) haurren garapenean inguruak (airea, ura, dieta edo bizi baldintzak) dituen eraginak aztertu ditu, Bestalde, ikerlanean parte hartu dute honako hauek ere: FISABIO Fundazioak, Valentziako Unibertsitateak (UV), Oviedoko Unibertsitateak, Castellóko Jaume I.a Unibertsitateak, Bartzelonako Osasun Globaleko Institutuak (ISGlobal), eta IIS Biogipuzkoak.

Lana World Journal of Pediatrics aldizkarian argitaratu dute “Impact of pet ownership in early childhood at ages 1 and 4-5 years on mental health at ages 7-8: findings from the INMA project” izenburupean, eta Valentziako, Sabadelleko, Asturiaseko eta Gipuzkoako multzoetako Espainiako 1.893 familiak emandako informazioan oinarritu da.

Maskotak eta haurren garapena

Ikertzaileek animalia ugariren (txakurrak, katuak, txoriak eta “beste animalia batzuk” -karraskariak, arrainak edo narrastiak, adibidez-) etxeetako presentzia aztertu zuten haurrek 1 eta 4-5 urte zituztenean. Horrekin lotuta, 7-8 urterekin zituzten arazo emozionalekiko (“barnerako” arazoa, antsietatea edo depresioa, adibidez) eta jokabide arazoekiko (“kanporako” arazoak, hiperaktibitatea edo arauen haustura, adibidez) erlazioa ebaluatu zuten.

Datuak faktore soziodemografiko eta familiarren arabera doitu ondoren, emaitzek erakutsi zuten “beste animalia batzuk” modu jarraituan edukitzeak babes eragina izan zezakeela arazo emozionalen aurrean. Katuen kasuan, 4-5 urtekoan katu bat edukitzearen kategoriak bakarrik erakutsi zuen sintoma emozional edo portaerazkoen presentzia apur bat handiagoa; gainerako kategoriek (katurik ez edukitzea, beti edukitzea, edo 1 urtean bakarrik edukitzea) ez zuten loturarik erakutsi. Ez zen desberdintasun esanguratsurik ikusi ez txakurrentzat, ez txorientzat, ezta maskota-mota oro barne hartzen duen aldagai bateratuarentzat ere.

Emaitzak zuhurtziaz interpretatu behar dira

“Aurkikuntza horiek ez dute zertan kausalitatea izan behar, eta baliteke eragina izan dezaketen eta neurtu ez diren beste faktore batzuk izatea, hala nola maskotarekiko atxikimendua, animaliaren balizko galera edo etxearen baldintzak”, adierazi du Llúcia González FISABIOko ikertzaile eta artikuluaren lehen sinatzaileak.

Bestalde, Ainara Andiarenak, EHUko BEHRG Taldeko ikertzaileak azpimarratu du hainbesteko eskaerarik ez duten animaliek, hala nola arrainek edo karraskariek, haurrekin harreman egonkorra izateko eta erantzukizunak, afektua eta enpatia garatzen laguntzeko balio dezaketela. “Haurren eguneroko errutinetan horrelako animaliak gehitzea lagungarria izan daiteke erantzukizunak beren gain hartzen hasteko, afektua eta enpatia martxan jartzen baitira ingurune horretan”, adierazi du Andiarenak. Parte hartu duen beste ikertzaile batek, Blanca Sarzok (CIBERESP), gaineratu du interesgarria litzatekeela ikerketa parte hartzaile gehiagorekin eta adin tarte zabalagoarekin erreplikatzea, epe luzera begira horrek izan ditzakeen ondorioak aztertzeko.