Europako populazioaren aurpegi-ezaugarriei lotutako zenbait markatzaile genetiko aztertu ondoren, hamar markatzailek penintsulako biztanleen aurpegiaren morfologiarekin lotura estua dutela ondorioztatu du Euskal Herriko Unibertsitateko azterlan batek.
Belen Navarro ikerlariak, azterlanaren egileak, ikerketak populazio espezifikoetan egitea garrantzitsua dela azpimarratu du, DNA laginetatik abiatuta pertsona baten aurpegia berreraikitzea ahalbidetuko duten eredu prediktiboak lortzeko.
Itxura fisikoari buruzko datuak lortzea lagungarria izan daiteke kasu penaletan susmagarriak bilatzeko edo desagertutako pertsonak identifikatzeko, eta oso baliotsua izango da DNAren analisien bidez gizakiaren kanpo-ezaugarriak eta, bereziki, aurpegiaren forma aurreikustea. DNAren analisia oinarrizko tresna da auzitegi-biologian; izan ere, norbanakoaren identifikazioa ahalbidetzen du, aztarnen profil genetikoak erreferentziazko laginekin alderatuta. Auzitegi-genetikaren arloan egindako azken aurrerapenen xedea zera da: DNAtik abiatuta, kanpo-ezaugarriak zehaztea norbanakoak identifikatu ahal izateko. Hala ere, aurpegiaren morfologia oso ezaugarri konplexua da.
EHUko BIOMICs taldeko Belen Navarro ikertzaileak azaldu duenez, helburua da "markatzaile jakin batzuk erabiltzea, pertsona baten aurpegiaren forma aurreikusteko krimenaren eszena batean edo norbait identifikatu nahi denean eta hezur-hondarrak bakarrik aurkitzen direnean. Auzitegi-laginetan ez da DNA askorik izaten. Ezin dira nahi diren markatzaile guztiak aztertu". Horregatik, garrantzitsua da "markatzaileen kopurua ahalik eta gehien murrizten saiatzea, eta adierazgarrienak direnak edo pisu handiena dutenak aukeratzea".
Genoma osoaren asoziazio-ikerketa berriek aurpegiko ezaugarriei lotutako balizko markatzaileak hobeto ulertzen lagundu dute. Euskal Herriko Unibertsitateko BIOMICs ikerketa-taldeak auzitegi-genetikaren arloan dihardu, besteak beste. Talde horrek egindako azterlan batean, balizko 116 DNA markatzaile aukeratu dira, ikusteko ea baduten loturarik iberiar penintsulako hainbat tokitako 500 bat lagunen aurpegi-ezaugarriekin. "Europako beste populazio batzuetan aurpegiaren morfologiarekin jada lotuak zeuden geneak eta markatzaile genetikoak hautatu ditugu, eta hemen probatu ditugu, alderik ba ote zegoen ikusteko —azaldu du BIOMICeko ikertzaileak—. Guztiak aztertu, eta gure populaziorako informatzaileenak direnak iragazi nahi izan ditugu, sistema hori erabili behar izanez gero, markatzaile jakin batzuetan soilik zentratzeko. Hori oso baliagarria da DNA nahikorik ez dagoenean eta markatzaile guztiak aztertu ezin direnean".
EHUko ikerketa-taldeak boluntarioen aurpegia eskaneatu zuen; horrela, "erreferentzia-puntu zefalometriko batzuk hartu genituen, eta aurpegiaren ezaugarriak nola aldatzen diren aztertu genuen (begiak, sudurra, aurpegi zabalagoak, estuagoak, kopeta, kokotsa...). Aurpegiaren eremu oso zehatzak aztertzera iritsi ginen". Listu-laginetatik abiatuta, aipatutako markatzaile genetikoak aztertu zituzten, eta "gero, aztertu genuen e baden loturarik aurpegi-aldaera horren eta esku artean genituen markatzaileen artean", gaineratu du Navarrok. Modu horretara, ikerketa-taldeak ikusi du, "adibidez, kopetako gune bat pixka bat hondoratuagoa izaten dutela markatzaile baterako genotipo (edo gene-multzo) jakin bat duten norbanakoek, edo kopeta irtenagoa izan ohi dutela beste genotipo jakin bat dutenek, etab.", azaldu du ikertzaileak.
Emaitzek erakutsi dute orobat asoziazio esanguratsuak daudela aurpegiaren segmentu desberdinetan: "Zehazki, markatzaileetako hamarrek asoziazio estua dute tokiko populazio horren barruan, eta markatzaile horietako batzuek aurreko ikerketetan hauteman ez ziren korrelazioak dituzte aurpegiko eremuekin", dio Navarrok.
Azterlanak erreferentziazko populazio txikietan egitearen garrantzia
Aurkikuntza horiek agerian jartzen dutenez, "oso garrantzitsua da hautagai diren markatzaileak erreferentziazko zenbait populaziotan aztertzea, informazio zehatza ematen duten markatzaile sendoak identifikatzeko", dio ikertzaileak. Nahiz eta orain arte egindako ikerketaren zati handi batean Europako populazioak talde homogeneo gisa hartu diren, "gure lanak erakusten du desberdintasunak egon daitezkeela aztertu dugun populazioaren barruan. Emaitza horiek iradokitzen dute ezen onuragarria izan litekeela, Europan azterlan handiak egiteaz gain, azpipopulazio txikiagoetan oinarritutako ikerketa espezifikoak ere kontuan hartzea. Ikuspegi hori lagungarria izan daiteke etorkizuneko eredu prediktiboak lortzeko.
Bide horretan, funtsezkoa da zorrotz eta kontuz jardutea: "Orain pertsona gehiagorekin baliozkotu beharko lirateke gure emaitzak. Probak egin beharko lirateke beste herri batzuetan, ikusteko, adibidez, ea emaitza horiek Europako hegoalde osoan aplikagarriak diren edo soilik gure ingurunean". Gaur egun, ikerketa horrekin aurrera jarraitzen du taldeak, baina beste metodo batzuk erabiltzen ditu aurpegiaren ezaugarriak neurtzeko: "Orain antropologikoki definituta dauden zenbait neurri erabiltzen ari gara: begien arteko distantzia, sudurraren eta ahoaren artekoa, ezpain-ertzen artekoa, etab. ", gehitu du ikertzaileak. Hurrengo urratsa izango litzateke "eredu prediktiboak lortzen saiatzea; esate baterako, genotipo jakin batzuk detektatzen direnean pertsona baten aurpegiko distantzia jakin bat aurreikusiko dutenak". Horrek aukera emango luke “pertsona baten aurpegia gutxi gorabehera berreraikitzeko. Baina hori lortzeko, askoz populazio zabalagoan balioztatu behar dira aurrerapen horiek”, ondorioztatu du Navarrok.