Minbiziak aktibatutako zelula-mota bat kentzean gibeleko metastasia ia guztiz desagertzen dela frogatu dute
EHUko ikertzaileek frogatu dute gibeleko zelula izartsuak nahitaezkoak direla gibel-metastasia abiatu eta garatzeko
Gibeleko zelula izartsuak (HSC, hepatic stellate cells) aktibatu egiten dira gibelak lesio bat daukanean (hala nola fibrosia edo gibel gantzatsua), lesioa sendatzeko: zelulaz kanpoko matrize bat sortzen dute, besteak beste kolagenoz osatua, eta kaltetutako gibelean orbain bat sortzen dute, gibela babestea baita haien funtzioa. Baina Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Cancer and Translational Medicine ikerketa-taldean ikusi dutenez, gibeleko zelula izartsu horiek lagundu egiten diote tumore metastasikoari garatzen.
Aitor Benedicto tumore-mikroingurunearen arloan jarduten duen EHUko ikertzaileak azaldu duenez, “zelula metastasikoak gibelera heltzen direnean, zelula izartsuak aktibatu egiten dira eta ugaldu; kolagenoa jariatzeaz gainera, odol-hodi berriak sortzen laguntzen dute, eta, gorputzaren defentsei oztopo egiten dieten hainbat faktoreren ondorioz, tumore-zelulak garatzen laguntzen dute”.
Hepatology Communications aldizkari entzutetsuan argitaratutako lanean, EHUko ikertzaileek lehen aldiz ikusi dute minbiziak aktibatzen dituen gibeleko zelula izartsuak kentzean saguen “metastasia ia guztiz desagertu dela: bereziki kolageno-metaketa murriztu delako; odol-hodien sorrera ere blokeatu dugulako; gibelaren erantzun immunea hobea delako eta tumorearen kontra aritu daitekeelako. Tumore metastasikoak duen laguntza kendu egin dugu”, azaldu du Aitor Benedictok.
Euskal Herriko Unibertsitateko ikertzaileek frogatu dute gibeleko zelula izartsuak nahitaezkoak direla gibel-metastasia abiatu eta garatzeko, eta, horrenbestez, “ate berriak zabaldu ditugu gibel-metastasia tratatzeko tumorearen mikroingurunera zuzendutako terapia berriak garatzeko”.
Zenbait jatorri dituen metastasia
Cancer and Translational Medicine taldeko kide den ikertzaileak azaldu duenez, gibeleko metastasia jatorrizko zenbait minbizitatik erator daiteke: “Koloneko minbiziak, pankreako minbiziak, bularreko minbiziak eta melanomak, adibidez, gibeleko metastasia eragin dezakete. Eta ikusi nahi dugu ea zelula izartsuekin ikusitako efektua gibelaren beraren erantzuna den edo jatorriko minbiziak eragindakoa ote den”. Ikerketa koloneko minbiziak eta melanomak eragindako gibeleko metastasiarekin egin dute, eta, orain, pankreako minbizia ikertzen ari gara”, dio Benedictok. Orain arte egindako ikerketek agerian utzi dute “gibelaren edo zelula izartsuen erantzuna berbera dela jatorriko minbizia desberdina izan arren”, erantsi du.
“Dagoeneko badakigu zelula hauek gaitasuna dutela metastasiaren garapena bultzatzeko. Orain —dio EHUko ikertzaileak—, konparatu behar dugu gibelak nola jokatzen duen zelula izartsuak daudenean eta kentzen ditugunean. Eta alderaketa horretan ikusiko dugu zer proteina adierazten diren metastasia garatzen denean, bai zelula izartsuetan eta bai inguruko beste zeluletan ere. Hala jakin ahal izango dugu zelula izartsuak tumorearekin aktibatzean zer aldaketa gertatzen diren proteinetan, tratamendurako diana edo itu batzuk aurkitzeko”.
Gaur egun, ikusi da koloneko minbiziak gora egin duela, baita gazteetan ere; koloneko minbizia daukaten gaixoen % 70ek gibeleko metastasia garatuko dute bere bizitzan, eta normalean horixe izaten da paziente horien heriotzaren kasu nagusia. Benedicto oso itxaropentsu dago: “Emaitza politak lortu ditugu. Bide luzea geratzen bada ere, lortutako emaitzak oso esanguratsuak dira. Sendabidetik lehen baino gertuago gaude”. Gainera, “zelula izartsuek lotura daukate gibeleko zenbait gaitzekin, eta jende asko ari da haiek nola desaktibatu ikertzen. Badugu susmagarri nagusia, eta lanean ari gara”, esanez amaitu du.
Temas
Más en Ciencia y Tecnología
-
Si crees que pasas mucho tiempo con el móvil, quizá necesites una ‘dieta detox’ con ‘dumbphone’
-
"Nuestras redes son las más seguras porque son las más modernas del mercado"
-
WhatsApp crea una biblioteca donde encontrarás todos los archivos compartidos en tus chats
-
¿Adiós a las llamadas 'spam'? Este sábado entran en vigor nuevas medidas contra las estafas telefónicas