BILBO. Balio erantsi handiko tresna teknologikoak eskaintzea da erakundearen lehentasunetako bat eta, estrategia horren baitan, txartel birtualaren bitartez indartu ditu on line eragiketen segurtasuna eta erosotasuna. Jarduera hau, gainera, urtean %20tik gora hazten ari da.
Euskal finantza taldeak jakinarazi duenez, txartel digital berria erabiltzen oso erraza da, eta ezaugarri nagusia da askoz ere seguruagoa dela, ez baita beharrezkoa txartelaren benetako datuak partekatzea. Txartel birtual berriaren bitartez, ordenagailutik, sakelako telefonotik edo tabletatik ordaindu daitezke erosketak, itxurazko datu jakin batzuk sartuta -gakoa, iraungitze epea eta CVV kodea-, txartel bakoitzaren benetako datuak erabili beharrik gabe.
Kutxabanken bezeroek on line bankaren edota banka mugikorraren bitartez sortu dezakete txartel birtual berria. Txartel fisikoarekin lotura ezarri ostean, ordainketetarako ezarri nahi den gehienezko muga eta iraungitze epea zehazten dira, azken hau gehienez urtebetekoa izanik.
Erabilera desberdinetarako hainbat txartel sortu daitezke, baita hauetako bakoitzaren mugimenduak kontsultatu eta kopuru eskuragarria aldatu ere. Hala behar izanez gero, gainera, ezeztatzeko aukera ere ematen du. Zerbitzu berria ezin da erabili denda fisikoetan erosketa jasotzerakoan txartela aurkeztu behar den eragiketetan.
Txartel birtual berria ordainketa seguruetarako VINI sistemaren ordezkoa da, azken hau irailaren 1etik ez baita erabilgarria izango. Gainera, eta Kutxabanken VINI txartel berriak sortzea ezinezkoa izango denez, zerbitzu moderno eta seguruagora erabil dezaten, erakundeak bezeroei txartel birtual zaharrak aldatzen joateko gomendioa egin die, bai eta erabiltzen dituzten on line web orrietan eta txartelekin lotuta dauzkaten aldizkako ordainketerako zerbitzuetan ere.