OVID-19 gaixotasunak eragindako izurriteak kalte handiak suposatu ditu arlo desberdinetan, esate baterako, Bizkaiako herrietako ostalaritza eta merkataritza txikian. Azaroaren 7an euskal taberna eta jatetxeek euren pertsianak itxi zituztenean, Mungiako biztanleria, elkarte eta giza-eragile desberdinek euren ostalariak laguntzako ekimen desberdinak martxan jarri zituzten eta, oraindik ere, ekimen desberdinak antolatzen ari dira. Kasu honetan, Boga Garagardoak kooperatiba mungiarrak bat egin du herriko ostalariekin, euren garrantzia eta lana goraipatzen duen garagardo bat plazaratuta. “Badakigu oso une zaila bizitzen ari direla ostalariak izurritearen aurrean hartutako neurriak direla eta, horregatik, gure laguntza eskini genien ostalarien elkarteari eta aukera hau jarri genuen mahai gainean”, azaldu zuten Boga kooperatibatik.

English Brown Ale motatako edaria da konpainiako kideek hautatutakoa, garagardo iluna, eta, jadanik, herriko 40 taberna baino gehiagotan eskuragarri daude, izan ere, 1.200 botilatik gora jaso dituzte tabernariek jada. Nahiz eta garagardo artisau eta naturala den plazaratutakoa, honen edukiontziko etiketan dago berezitasuna, hauek herriko ostalaritzaren aldeko mezu bat daukatelako: “Ostalaritza aurrera!”. Gainera, herriko Bikingoak koadrilaren aldeko omenaldi txiki bat ere badauka garagardo berezi honek, izan ere, azaro erdialdean, koadrila jendetsu honek 15 euro banatu zituzten herriko tabernatatik Poteo birtuala deitutako ekimen baten bitartez. Ekintza honek estaldura mediatiko handia izan zuen eta, horregatik, Mungiako ostalaritzaren aldeko garagardo honek Eskerrik asko Bikingoak! mezua dakar.Eskerrik asko Bikingoak!

Boga konpainia eta herriko ostalaritzaren arteko elkarlana orain dela hilabete batzuk hasi zen, kooperatiba garagardogileak Euskal Herri osora zabaldu zuen kanpaina baten bitartez. Honen arabera, Bogako web-gunearen bidezko erosketak egiten zituen jendeak deskontu-kode bat erabili zezaketen, kasu honetan Mungia-Ostalaritza, ehuneko zortziko beherapena jasoteko euren eskarian. Ondoren, kostu diferentzia hau Bogak ostalari elkarteari ematen zion doaintza modura, euren egoera larriari bultzada bat emateko. Oso arrakasta handia izan zuen ekimen honek, izan ere, herrialde osora garatutako proiektua izanda, asko izan ziren honen inguruan onura jaso zuten taberna zein jatetxeak. Hala ere, Boga kooperatiba garagardogileko kideek aitortu zuten irekita daudela honelako ekimen gehiago antolatzeko prest daudela, dena Mungiako zein Euskal Herriko edozein txokotako ostalaritzaren balioa eta bizirautea sustatzeko, euren garagardo naturalak zabaltzen jarraituta.

Itsasoarekiko lotura

Kontuan izanda itsasoak euskal kulturan izan duen garrantzi eta pisua, Boga kooperatiba sortu zuten gazteek hitz hau aukeratu zuten proiektu honi forma emateko euren ilusioz josita. “Gazte eta inkonformistak gara, beste mundu eta garagardo kultura bat posible direla sinetsita gaude. Horregatik, abentura kolektibo honetan murgildu eta izen propioarekin itsasoratzea erabaki genuen: Boga! Itsasoa gure kulturaren parte da eta harreman estua du euskal gastronomia eta kirolarekin. Era berean, garagardoaren sinbolo eta metafora da, bere milurteko izaeragatik, olatuen indarra, freskotasuna eta abar. Gainera, Boga markak gure historiaren hastapenekin bat egiten du, duela hamar urte Bilboko hainbat gune sozialentzako artisau garagardoaren lehen litroak ekoizten hasi ginenean. Hain zuzen ere, garagardo-multinazionalen monopolioaren aurrean aisialdi eta produkzio alternatiba bat sortzen saiatzen ginenen toki berean, El niño de las pinturas artista famatuaren grafiti bat altzatzen zen, gure enpresa-proiektuaren espiritua oso ondo adierazten zuena: Gazteen traineru bat taldearen indarraz arraun egiten, beraien historiaren protagonistak, etorkizunari aurre egiteko eta beraien inguruan dagoen guztia aldatzeko ilusioarekin”, azaltzen dute Bogako kideek euren web-guneko atarian, aurkezpen erara.

Orain dela hamarkada bat baino gehiago sortu zenetik, oso hedapen nabarmena izan du proiektu honek euren produktuaren kalitatearengatik eta, bestalde, izan duen kudeaketagatik. Hain izan da ona bertoko langileen gestioa, non enpresa arloko bi sari aso dituen; lehenengoa, 2015ean, ekintzailetzagatik eta bigarrena, 2019an, mikroenpresa marketin onena izateagatik Euskal Herriko Unibertsitatearen eskutik.

Ostalarien esker ona

Azken hilabeteetan Mungiako biztanleriak herriko ostalaritzaren alde egin dituen ekimenak ikusita, oso hunkituta azaldu dira sektore honetako langileak. “Ezinhobea izan da langile zein bezeroek izan duten jarrera lan egiteko eta laguntzeko orduan. Bikingoen kasua izan da ohiartzun gehien izan duen kasua, baina horrelako beste ekimen solidario asko jaso ditugu, esate baterako Bogaren eskutik, izan ere, eurek eskeini ziguten euren laguntza. Ekintza proposatu eta denbora utxira, ostalari elkarteko kide guztiek edo gehienek baiezko erantzuna eman zuten, izan ere, oso aukera ona da gure garrantzia modu xelebre batean azpimarratzeko. Bestalde, asko izan ziren animo mezuak helarazi zizkiguten mungiarrak eta bihotz-bihotzez eskertzen dugu jarrera hau”, azaldu zuen Alejandro Ibarrak, Ez Esan Inori tabernako jabeak. Gainera, tabernari mungiarrak herriko solidaritatea goraipatu zuen: “Guztiontzako kaltegarria izan den kontu batek herriko elkartasuna indartu du. Oso pozgarria da jendea laguntzeko prest beti daoela ikustea”.

Azken finean, covid-19 gaixotasunak eragindako krisialdiak oso modu bortitzean astindu du Euskal Herriko ostalaritza eta, orokorrean, merkataritza eta zerbitzuen sektorea. Hala ere, Mungiako biztanleriak oso jarrera aktiboa izan ohi du elkartasunaren inguruan urtean zehar antolatzen diren ekintzetan eta, kasu honetan, ostalaritza laguntzeko orduan ere argi islatu du Alejandro Ibarraren arabera: “Ikaragarria izaten ari da jendearen erantzuna. Normalean esaten da Mungiako biztanleria oso solidarioa dela, beti dagoela euren inguruko jendea laguntzeko prest eta egoera zail honen aurrean argi eta garbi azaldu da horrela dela. Bakoitzak, neurri handi edo txikiagoan, bere aportazioa eiten du eta, modu batean edo bestean, egoera larri honi aurre egiteko bultzada bat suposatzen dute horrelakoek”.

Aurretik aipatu bezala, hainbat izan dira Mungiak azken hilabeteetan bizi izan dituen ekimen solidarioak krisialdi honi aurre egiteko. Izurritea martxoan ailegatu zenetik arlo desberdinetan kolaboratzeko aukerak aurkeztu zituzten mungiarrek. Bikingoak koadrilak egindako sobre banaketak oso pisu mediatiko handia izan zuen, baina horretaz gain, asko izan dira bestelako ekintzak. Esate baterako, taxi gidari batek herriko jatetxe baten etxerako zerbitzuko banaketa lanetarako bere lan-tresna modu ezinteresatuan eskeini zuen eta, bestalde, horrelako kasu gehiago izan dira.

Horrenbestez, garagardo artisau eta naturala gustoko duten mungiarrek oso aukera ona daukate euren herriko tabernen garrantzia berpizteko. English brown ale motako edariak ahosabai indartsua daukaten garagardozaleen gustokoa izan daiteke. Lehen aipatu bezala, ostalari-tza sektoreak asko pairatu du martxoan hasi zen izurritearen eragina eta, horregatik, herriko tabernariek inoiz baino gehiago eskertuko dute euren establezimenduetan kontsumitzea. Hori bai, osasun-agintaritzatik emandako argibideak zehatz mehatz jarraitzea beharrezkoa da, izan ere, denon ardura izango da egoera larriari itzulia ematea eta ahalik eta arinen berreskuratzea normaltasuna, ahal den neurrian. Hala ere, Mungiako Udalak ere neurri desberdinak plazaratu ditu ostalaritza sektoreari laguntzeko, esate baterako diru-laguntzak, kontsumo kanpainak edota terrazak handiagotzeko aukera izatea tabernariek.

1.200 garagardo inguru banatu ditu Bogak Mungiako 45 tabernatan ‘Ostalaritza aurrera!’ mezua zabalduta

Azken hilabeteetan herrian izan diren ekimenen aurrean, oso eskertuta azaldu da ostalaritza elkartasunarekin