- Azken urte honetan, oso gai ezkorrak izan dira Bizkaiako biztanleriaren artean izan diren elkarrizketatako protagonista, izan ere, covid-19 gaixotasunak eragindako izurritea izan da gizartearen arduraren ehuneko handi bat bete izan duen gaia. Osasun, ekonomia eta gizarte krisialdi latz honi, inongo ospakizun edo jaialdi berezirik ospatzearen ezintasuna gehitu behar zaio, herrietako kaleak alaitasunez betetzen dituzten ekitaldiak. Egoera honen aurrean, asko izan dira euren herrietako historio eta ondarea berreskuratzen saiatu direnak, izan ere, azken hilabeteetan denbora libre ugari izan du jende askok.

Kasu honetan, Jesús Sustatxa loiuztarra urtero, azken hilabeteetan, aritzen da urtean zehar jazotako gertakarien inguruko irudiak bilatzen, ondoren, Loiuko Udalaren laguntzarekin, hurrengo urteko egutegia egin ahal izateko. Tamalez, aurtengo ezohiko egoerak izan dituen ondorioak direla eta, Loiu Laztana elkarteko aurpegi ezagunak ezin izan du argazki askorik atera, izan ere, jaialdi guzti edo gehienak berta behera geratu dira izurritea dela eta. Honen aurrean, hemerotekara jotzea erabaki zuen loiuztarrak, bere herriko historia berreskuratzeko ahalegin nabarmen bat eginda. "Asko gustatzen zait herriko jaietan, nekazaritza azokan eta bestelako ekimenetako argazkiak ateratzea datorren urteko egutegiak egiteko, baina, zoritxarrez, aurten ez da inongo ekitaldi berezirik egon. Egoera hau ikusita, datorren urteko alamankarekin gure herriko historia berreskuratzea erabaki nuen, antzinako irudiak gaur egungoekin alderatuta herritarrek ikusi dezaten Loiuk izan duen bilakaera. Antzinako argazki baten atzean herriko historiaren zati bat dago. Horregatik, oso garrantzitsua da hauei daukaten balia ematea", adierazi zuen Sustatxak.

Irudi pilaketa lan nabarmen bat egin eta 2021eko egutegi berria diseinatuta, 1.200 kopia jasoko dituzte abenduaren 15etik aurrera Loiuko herritarrek. Normalean, herriko taberna edo txoko desberdinetan egoten dira egutegiak eskuragarri, baina, kontuan izanda aurtengo egoera, Udalak erabaki du hauek etxez etxe eramatea izan ere, Josu Andoni Begoñaren arabera, oso lan ona da Sustatxak urtero egiten duena. "Denok ezagutzen dugu aurten bizitzen ari garen egoera, horregatik, tabernetan jendeak ezin eskuratzearen aurrean, Udaletik hauek etxez etxe banatzea erabaki genuen, jende guztiak Jesusej egindako lan bikaina gozatu eta udal-egutegia izateko", adierazi zuen alkateak. Gainera, udaletxean eskuragarri izango dira 2017 urteko une desberdinak oritzen dituzten 200 CD; urteko nekazal azoka, antzinako mendejarien omenaldia, jubilatuen gabonetako bazkaria eta abar.

2021 urteko alamkaren edukiari dagokionez, azalean herriko hamabi baserri dira protagonista, haietako asko jada ikastetxe desberdinen edo aireportuaren eraikitzea bezalako arrazoiengandik desagertu direnak. "Loiuk beti izan du baserriarekiko lotura handia. Lehen, familia eta abereak, denak teilatu berdinaren azpian bizi ziren, baina asko aldatu da gure herria. Horregatik, oso interesgarria iruditu zitzaidan herriko baserriak berreskuratzea, batez ere, jada existitzen ez direnak; Lastetxe, Orue, Marike-Bekoa, Asuabarri...", azaldu zuen Sustatxak. Herriko baserriak ezagutzeko denboran atzera egiteaz gain, beste hainbat egoera aurkitu ahal izango dira egutegi loiuztarrean; antzinan hain ohikoak ziren meza-laguntzaile txikiak, gazte loiuztarrak soldaduzka Euskal Herritik kanpo egiten, euskal dantzak, Elotxelerri futbol zelaiean elkartzen ziren koadrilen argazkiak... Loiuko tradizioa islatzen duten irudi ugari. Gainera, 40 urteak bete gabe zendu ziren liuztarrak omentzeko orrialde bat ere badago eutegian, izan ere, Sustatxaren esanetan, oso galera mingarriak dira hauek eta euren oroimena omentzeko modu bat da, noski euren familien baimena izanda.

Argazki guztiak biltzerako orduan, hainbat dira Sustatxak erabiltzen dituen iturriak; Udaleko hemeroteka, herritarrak etxean dituzten artxiboak, berak etxean izandakoak... "Orokorrean jendeak irudi asko ematen dizkit, izan ere, hamar urte inguru daramatzat lan hauek egiten eta ia jende guztiak ezagutzen nau, horregatik jendeak ez du inolako arazorik izaten irudiak emateko orduan. Oso eskertzekoa da prestutasun hori eta, horregatik, oso lan txukuna atera da", azaldu zuen loiuztarrak. Horrenbestez, Loiuko herritarrek aukera bikaina izango dute euren herriko historia gogoratu eta ezagutzeko. Loiu Laztanak urtero egiten duen lan bikainaren bitartez euren inguruko ondarea berreskuratzeko aukera.