Azken urteetan asko azpimarratu dute erakunde desberdinek ekintzailetzak daukan garrantzia ekonomia arloan hain zaila izaten ari den garai honetan. Horregatik, EGAZ Txorierrik, Txorierriko Mankomunitateak, Politeknika Ikastegiak, Erandioko Udalak eta Bizkaiako Foru Aldundiak, Gaztedi planaren bitartez, eskualdeko gazteen artean ekintzailetza sustatzeko txapelketa berri bat aurkeztu du; Ekintzailetzarako Ideien Bideo Lehiaketaren bigarren edizioa. "Enpresa muntatzeko urratsak eman baino azkoz lehenago, ekintzaileak sormen handia izan behar du bideragarri bihur daitekeen negozio-ideia original bat aurkitzeko. Eta pentsatzeko gaitasun hori da lehiaketa honek sustatzen duena", azaldu zuten EGAZ Txorierri plataformatik.

Aurreko edizioan bezala, Politeknikako ikaslegoa eta eskualdeko 16 eta 29 urte bitarteko biztanleei zuzendutako ikusentzunezko txapelketa bat prestatu antolakuntzak. Horregatik, parte hartzean interesatuta dauden Derio, Erandio, Larrabetzu, Lezama, Loiu, Sondika eta Zamudioko gazteek abenduaren 7ra arte egin ahalko dute izen-ematea eta, ondoren, euren sorkuntza abenduaren 18ra arte bidali ahal izang dute. Aurtengoan, hiru sari izango dira, irabazle bakoitzarentzako smartwach bana. Epaimahaiak hainbat irizpide izango ditu kontuan irabazleen inguruko erabakiren bat hartzeko orduan; ahalegintzeko gaitasuna, autonomia, pentsaera malgua izatea, tresna teknologikoen erabilera, sexuen arteko aukera desberditasuna, eskualdeko bizimodua hobetzea xede duten tokiko ekimenak, toki sareetan parte hartzea eta ingurumen-jasangarritasuna batik bat.

Ikusentzunezkoen lehiaketa honen lehenengo edizioan, bi izan ziren antolakuntzak eman zituen sariak; banakako kategorian eta taldekoan. Hauetan lehengoko partaide onena Eneko Barcina gaztea izan zen, Telekomunikazio eta Informatika Sistemen Graduko ikaslea Politeknka Ikastegian. Irakaskuntza munduarekin lotutako proiektu bat aurkeztu zuen gazte txorierritarrak, izan ere, bere helburua 3D inprimagailuak ikasgeletara eramatea zen, hau erabilita eduki desberdinak beste ikuspuntu batetik aztertu ahal izateko. Talde kategoriari dagokionez, Jon Ander Macharon, Julepe Madariaga, Iraida Bueno eta Nerea Hidalgo izan ziren irabazleak. Salmenten eta Merkataritza Guneen Kudeaketa graduko ikasle hauek oso ideia jasangarria aurkeztu zuten; birziklatutako kartoiarekin altzariak egitearen inguruan. Antza, material honekin oso altzari sendoak egin daitezke eta, horrenbestez, egurra bezalako materialak aurrezteko aukera bikaina izan daiteke proiektu hau.

Kontratazio berriak

Azken hilabeteetan gizartea hankaz gora jarri duen izurriteak oso ondorio ekonomiko larriak eragin ditu, jende askok bere lanpostua galduta edota hilabete askotan zehar lanik egin ezin gabe egonda. Honen aurrean, Bizkaiako erakunde ugarik biztanleriako sektore desberdinen enplegagarritasuna hobetzeko ekimen ugari martxan jarri dituzte eta, oraingoan, EGAZ Txorierrik eta Lanbidek, Eusko Jaurlaritzako Enplegu Zerbitzuak, eskualdeko Enplegu Plan berri bat martxan jarri dute, guztira 21 pertsona kontratatzeko helburuarekin. Antolakuntzak xedatutakoaren arabera, iraupen desberdineko kontratazioak egingo dira, gutxiengoa hiru hilabetekoa izanda, eta, lanaldiari dagokionez, osoa edo partziala izano dira, gutxiengoa ere lanaldi erdia izanik.