AMALEZ, azken hilabeteetan biztanleria bizitzen ari den gizarte, osasun eta ekonomia krisiak berri tristeak entzun eta irakurtzea eragin du, izan ere, hainbat dira covid-19 birusaren igarotzea uzten ari den arrasto ezkorra. Hala ere, gizartearen aurpegi solidarioena aurkezteko aukera eskeini du ezohiko egoera honek. Estatu mailan, milaka eta milaka pertsona elkarlanean aritu dira, entitate desberdinen bitartez koordinatuta, elkarlanean ibili dira beharrak dituzten jendeen egoera hobetzeko eta, horrenbestez, izurritearen ondorioak ahal den neurrian murriztu eta arintzeko. Gaur egun, Zamudioko herritar eta erakunde desberdinak honelako elkartasun ekimen batean bete-betean murgilduta Joaquín Carmona herritar izandakoaren egoera latza hobetu ahal izateko.

Quini ezizenarekin ezaguna zen Carmona eta 18 eta 19 urte bitartean izan zituen arte Zamudion bizi izan zen. Bere familiaren egoera zela eta, maletak egin eta Madril aldera lekualdatzea erabaki zuen. Kirolaren munduko pertsonaia ezaguna da zamudioztarra. Sare-sozialen bitartez, atletismoaren inguruan idazten duen estatu mailako pertsonaia jarraituenetakoa da, baina, konfinamendua hasi zenetik, bertan behera geratu zen bere aktibitatea. Hau ikusita, kazetari bat martxan jarri zen aktibitate falta honen atzean zer zegoen aztertzen eta zera deskubritu zuen; Joaquín Carmona kalean bizi zela, bere portatila eta gutxi gehiago izanda eta liburutegietako wifi sareak erabiltzen zituela sarera konektatu eta atletismo munduaren inguruan bere iritziak argitaratu ahal izateko. Noski, berrogeialdia zela eta, liburutegiak itxita egon ziren eta, horrenbestez, Quini-k ezin izan du luzaroan ezer idatzi.

Behin zamudioztarraren egoera ezagututa, berak Zamudioko eskolan izan zituen kideak Igotz López-ekin, herriko alkatearekin, harremanetan jarri ziren bera lagundu ahal izateko iniziatibaren bat martxan jarri ahal zuen jakiteko eta, unean bertan, Udala proiektua planteatzen hasi zen. Plangintza honek aspektu desberdinak izan ditu geroztik, denak dirua biltzearen ingurukoak. San Juanetan, bilketa bat antolatu zen eta 50 eurotik gorako kantitatea lortu zen eta, gainera, Udalaren intentzioa 500 euroko emaria egin ahal izatea da. Udalarekin batera, herriko eta inguruetako zenbait enpresak ere bat egin dute elkartasun proiektu honekin eta, hauetaz gain, Mallorca eta Athletic lehen mailako futbol taldeak ere elkartu ziren. “Azken hilabeteetan, bi talde hauek gure futbol zelaian, hau da, Gazituagan entrenatzen aritu dira; Athletic-en emakumezkoen taldea ekainean eta Mallorca San Mamesen Athletic-en aurka jolastu zuen norgehiagokaren aurretik. Egoera hau baliatuta, talde bietako zuzendaritzarekin berba egin genuen eta euren partehartzea gehitzea lortu genuen”, azaldu zuen Igotz López-ek. Entitate bilbotarrak gizonezkoen lehen taldeko jokalari guztiek sinatutako hiru kamiseta eman zituen eta, bestalde, talde balearrak Salva Sevilla, Iddrisu Baba eta Ante Budimir jokalarien sinatutako kamisetak. Horrenbestez, futbola gustoko dutenek oso aitzakia ona daukate oso elstiko baliagarriak eskuratzeko. Ebay plataformaren bidezko subasta antolatu du alkateak eta, hau ezagutzera emateko, Ayuda Joaquín Carmona Quini izeneko Facebook orrialdea sortu du. Beste alde batetik, de balde diren emariak egiteko aukera ere aurkeztu du Udalak, ES98 2095 0083 9091 1991 0775 kontu korrontera egin ahal izateko aportazio ekonomikoak.

Elkartasun proiektu honek suposatzen duena kontuan izanda, argi dago oso aukera ona daukatela zamudioztarrek; alde batetik, lehenengo mailako futbol talde biren kamiseta baliotsuak eta sinatuak eskuratzeko eta, bestalde, herritarra izan zen eta gaur egun oso egoera zaila bizitzen ari den auzokide bat lagundu ahal izateko. Horregatik, Igotz López-ek herritarrak proiektu honetan parte hartzera animatu zituen: “Bakoitzak ahal duen neurrian lagunduta, askoz errezagoa izango da Joaquín Carmona zamudioztarra laguntzea eta bere egungo egoera ahalik eta gehien hobetu ahal izatea”.

Mallorca-ren lehen taldeak Zamudioko Gazituaga futbol zelaian entrenatu zuen San Mamesen jokatu baino lehen

Horregatik, Salva Sevilla, Iddrisu Baba eta Ante Budimir jokalariek euren elastikoak ekimen honetara gehitu zituzten