- Azken hilabeteetan Bizkaiako eremu osoan bizitako osasun-egoera larriak oso modu bortitzean astindu du bertoko herrietako ekonomia; kasu batzuetan besteetan baino modu nabarmenagoan, izan ere, asko izan dira pertsiana bi hilabeteetan zehar itxita izan duten negozioak. Hau kontuan izanda, erakunde desberdinak herrietako ekonomia susta-tzeko kanpaina ugari martxan jartzen ari dira azken asteetan eta, Mungiaren kasuan, aurreko zapatuan, hilak 20, hasi zen Mungia Indartzen ekimeneko bonu kanpaina martxan. Guztira, 160.000 euroko inbertsioa egin du herriko gobernuak bertoko etxebizitza guztietan 20 euroko balioa daukaten bonu sortak banatzeko. Horrenbestez, familia zein norbanako mungiar guztiek badituzte jada euro bateko balia dauzkaten lau bonu, hiru euroko bi eta bost euroko beste bi. Kasu honetan, proiektuaren helburua Mungiako ekonomia berpiztea dela kontuan izanda, bertoko denda, ostalaritza establezimenduetan eta zerbitzuetan erabili ahal izango dira txarteltxo hauek, zapatuan hasita eta datoreen hilabeteko, uztaileko, 19 egunera arte. Hiru bonu moten kasuetan derrigorrezkoa izango da gutxiengo gastu bat egitea; euro batekoak erabiltzeko hiru euroko gastua, hiru eurokoentzako bederatzi euro eta, amaitzeko, bost eurokoak hamabost.

"Laguntza-pakete hau jarri dugu abian, bai gure auzokideei lagun-tza emateko, bai bertako merkataritzari bultzada emateko ere", azaldu zuen Ager Izagirrek, Mungiako alkateak Mungia Indartzen kanpainaren inguruan. Aldi berean, Izagirrek biztanleriaren kolaborazio eta elkartasunari deialdia egin zion, herriko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu guneen atentzioaren eta produktuen kalitate handia azpimarratuta: "Orain, inoiz beino gehiago, gure erosketak Mungian egiteko sasoia dugu".

Guztira, 120 denda, taberna, jatetxe eta zerbitzu establezimendutik gora izaten ari dira bonu kanpaina arrakastatsu honen partaide; 17 zerbitzu, 31 ostalaritza lokal eta 74 merkataritza dendak. Horrenbestez, esan daiteke mungiarrek oso aukera onda daukatela edozein motatako produktuak eskuratu ahal izateko, euren etxeetako ekonomia neurri batean zainduta bonuek eskainitako beherapenak baliatuta. Gainera, Udaletik azaldu zuten bezala, bertoko atentzioa oso hurbila da, izan ere, inguruko auzokideak dira bezeroak laguntzen dituztenak.

Bonu kanpaina berri honen aurretik laguntza proiektu desberdinak martxan jarri zituen Udalak eta Mungialdeko Behargintzak herriko ekonomia suspertzeko. Berez, Mungia Indartzen kanpainak ildo desberdinetako jarduerak planteatu ditu azken hilabeteetan; aholkularitza-zerbitzua eta informazioa behar dutenen esku jartzea, enplegu-prestakuntza eta negozioak martxan jartzea eta, amaitzeko, laguntza ekonomikoak herritarrei, bertako merkataritza eta ostalaritzari, autonomoei eta mikroenpresei. Ardatz desberdin hauetako ekintzak aurrera eraman ahal izateko, 470.000 euroko aurrekontua maneiatu izan du antolakuntzak.

Uztailaren 19ra arte. Pasaden zapatuan, ekainak 20, martxan jarri zenetik, Mungiako biztanleek datorren hilabetera arte erabili ahal izango dituzte Udalak etxebizitza guztietan banatutako 20 euroko balioa daukaten bonu sortak.

Bertoko merkataritzaren balioa. Ager Izagirrek biztanleria proiektu honetan parte hartzera animatu zuen. Alde batetik, herriko denda, jatetxe, taberna eta zerbitzuetako langileek eskaintzen duten hurbiltasuna eta euren eskaintzaren kalitatea goraipatu zituen. Beste alde batetik herritarren kolaborazio eta elkartasunarekiko deialdia egin zuen: "Orain inoiz baino gehiago, gure erosketak Mungian egiteko sasoia dugu".