- Koronabirusaren pandemiak modu askotan baldintzatu ditu euskal gizarte eta ekonomia, izan ere, hainbat izan dira larrialdi egoerak izan dituen ondorio negatiboak. Honen aurrean, Bizkaia mailako zenbait entitate eta elkarte jo ta ke lanean aritu dira covid-19ak arlo desberdinetan izan dituen eraginak arintzen saiatzeko. Esate baterako, Derioko Udalak, Danerik Paraje elkartearekin -herriko merkatari eta ostalarien elkartearekin- elkarlanean, Derio Martxan kanpaina aurkeztu zuen atzo goizean Sollube kalean. Herriko ekonomia berpizteko proiektu honen aurkezpenean Esther Apraiz alkatea eta Nekane Ayarza alkateordea izan ziren Marimar Mellado, Danerik Parajeko lehendakaria, eta Gontzal Uriartek lagunduta, azken hau herriko ostalaritzaren ordezkari bezala.

“Koronabirusaren pandemia guztiz kontu berria izan da guztiontzat eta, osasun arloan izandako ondoroak alde batera utzita, beste haibat alorretan ere eragin handia izan du, adibidez gure ekonomian, izan ere, denda, taberna, jatetxe edo zerbitzu gehieneak ia bi hilabetez itxita egon behar izan dira. Honen aurrean, eta ondorio negatiboei aurre egiteko, Derio Martxan ekimena aurkezten ari gara gaur. Honen arabera, Udaletik 30 euroko balioa daukaten 1.500 bono eskainiko ditugu biztanleriak hauek herriko komertzio, ostalaritza establezimendu eta zerbitzuetan gastatzeko, guztira, 45.000 euroko injekzio ekonomikoa suposatuta”, azaldu zuen Esther Apraizek. Datorren astelehenetik, ekainak 15, aurrera eskuragarri izango dituzte derioztarrek aipatutako bonoak udaletxean 20 euroren truke. 30 euroko balioa daukatela kontuan izanda, Udalaren kontura izango dira soberako hamar euroak. Hau kontuan izanik, alkateak Derioko biztanleria proiektu honetan parte hartzera animatu zuen: “Gure herriko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuak kalitate handikoak dira eta, gainera, hurbiltasun gehiago dago saltzaile eta bezeroen artean, izan ere, kasu askotan, gure auzokideak dira aurrean ditugun pertsonak. Derio oso herri solidario eta konprometitua izan da beti eta, oraingo honetan, oso aukera polita daukagu hau demostratzeko. Animatu zaitezte!”. Danerik Paraje elkartetik, Marimar Melladok oso beharrezkoa ikusi zuen honelako proiektu bat martxan jartzeko Udalarekin batera lan egitea: “Kasu askotan, oso egoera ekonomiko larriak eragin ditu berrogeialdiak, horregatik oso ondo datorkigu, alde batetik, saltzaileei eta, bestetik, bezeroei. Guztira 200 langile inguru ditugu gure denda, taberna, jatetxe edo zerbitzuetan eta zifra hauek mantetzeko ere oso garrantzitsuak dira honelako ekimenak”.

Bestalde, Gontzal Uriartek, Derioko ostalariak, unerarte herritarrek izan duten jarrera ona goraipatu zuen: “Egia da gehienok beldur apur batekin ireki ditugula gure negozioak, beti beharrezko segurtasun neurriak beteta, baina gure auzokideen erantzuna oso positiboa izan da, izan ere, Derio oso herri bizia da”.

Derio Martxan bono-kanpaina alde batera utzita, Udalak 11.400 euroko diru-laguntza bideratuko ditu herriko merkatritza, ostalari-tza eta zerbitzuek sare bidezko salmenta egin ahal izateko web edo app-a abian jarri ahal izateko. “Funtsezkoa iruditzen zaigu saltokien online salmenta sustatzea eta honetarako aktiboki lan egingo dugu”, adierazi zuen Apraizek. Beste alde batetik, Derioko alkateak aipatu zuen Udalak ez duela denboran aurrerago horrelako bestelako kanpainak martxan jartzearen aukera inolaz ere baztertzen.