Aurreko martxoaren 15ean estatuko Gobernuak alarma egoera adierazi zuenetik, jendea euren etxeetan gelditzea beharrezkoa izan da eta hau oso gogorra izaten ari da biztanleriarentzako. Haurrak, batez ere, egunerokotasun arraroa bizitzen ari dira, eskolara joan gabe, kirolik egin gabe, euren lagunak ikusi gabe... Honen aurrean, Loiuko Udalak proiektu berri bat jarri du martxan, Zorionak Txapeldun!ekimena. Honen arabera, urtebetetzea berrogeialdi honetan zehar etxean biziko duten gaztetxoek euren saria izango dute. Josu Andoni Begoña, Loiuko alkatea, pertsonalki hurbiltzen ari da egun hauetako protagonistak zoriontzera udaltzainekin lagunduta eta segurtasun neurriak beteta. “Urtebetetze-eguna, urtero, egun berezia izaten da, ospakizun eguna, bizirik gaudela ospatzeko eguna, beste urte bat betetzen dugula. Eta garai hauetan ez da sentsazio atsegina egun seinalatu hori lagun eta maite ditugunekin egon gabe bizitzea. Hori dela eta, Loiuko Udaleko EAJ-PNVren Udal Gobernu Taldeak keinu bat izango du konfinamendu-aste hauetan urteak betetzen ari diren txikienekin, urtebetetze-diploma pertsonalizatuak emanez. Diploma horietan, umea zoriontzeaz gain, egoera hori ahalik eta hobekien pasa-tzeko animo-mezu bat emango diogu”, azaldu zuen alkateak. Bere aburuz, etxean geratzen diren egun bakoitzean egiten ari diren sakrifizioa saritzeko modu bat da hau: “Euren esfortsua gizarte guztiarentzako da positiboa, elkartasun handia islatzen ari dira”.

Esate baterako, Imanol eta Ander bikiak euren urtebetetzean opariak jasotzeko aukera izan zuten. Josu Andoni Begoñak diploma bat eta motxila bat eman zizkien euren seigarren urtegunean. Beste alde batetik, jada berrogeialdian urteak bete dituzten eta oparirik jaso ez duten umeek ez dute kezkarik izan beharko, izan ere, Udala euren familiekin kontaktuan jarriko da euren diploma eta oparia helarazteko. Horrenbestez, Liuko haurrek neurri txiki batean ospatu ahalko dituzte bere urtegunak.