- Bizkaiako gainontzeko herrietako biztanleriaren antzera, Deriokoa ere ezohiko egoera bat bizitzen ari da azken asteetan eta, honen aurrean Esther Apraizek herritarren jarrera goraipatu du.

Zelako eragina izan du larrialdi egoerak Derion?

—Salbuespen egoera baten gaude, inoiz ezagutu eta bizi izan ez dugun egoera larri baten aurrean. Eta egoera honek, esfortzu eta ahalegin handiak eskatzen dizkigu. Birusari eusteko neurri gogorrak hartu dira, beharrezko neurriak hedatzea geldiarazteko, bai gaitza ikertzeko, bai osasun sistemaren zama arintzeko. Espainiako Gobernuak ezarritako alarma egoerak lurralde osoari eragiten dio, baita Deriori eta bere bizilagunei ere. Konfinamendua ez da erraza. Gure mugimendu askatasuna mugatuta egoteaz gain, gure enpresa edota komertzioek jasaten hasi diren ondorio ekonomikoek ere asko arduratzen naute, eragin zuzena baitute Derioko familien ekonomian. Datozen aste eta hilabeteetan jarduera ekonomikoa sustatzeko eta krisiak sortutako kalteak arintzeko neurriak ugariak izatea espero dut. Zentzu horretan buru-belarri arituko gara.

Nolako jarrera azaldu du biztanleriak?

—Orohar, oso arduratsua. Mundu mailako krisi bat izan arren, herritarrek egoeraren larritasuna erabat ulertu eta barneratu dutela esan daiteke eta hori benetan eskertzekoa da. Derio betidanik izan da herri solidarioa, konprometitua eta arduratsua, eta kasu honetan ere, herritarren erantzuna goraipatzekoa da.

Zein neurri hartu ditu Udalak?

—Derioztar orok bere eguneroko beharrak asetuta izatea, hori da momentu honetan Udalaren helburu nagusia. Zentzun honetan, badaude kolektibo batzuk laguntza berezia

behar dutenak, adinekoak edota egoera ahulean aurkitzen diren pertsonak adibidez. Gure lehentasunetako bat izan da. Hala, Gurutze Gorriarekin lankidetzan eta koordinatuta, laguntza eskaintzen ari gara beraien etxeetan dauden eta berrogeialdi edo konfinamendu neurri batek eragindako pertsonei, bai eta pertsona zaurgarriei ere, elikagaiak eta oinarrizko higiene artikuluak hornituz eta laguntza farmakologikoa eskainiz. Bestalde, zenbait neurri fiskal hartzeko aukera ere azter-tzen ari gara, birusaren krisiak eragindako egoera orokorra kontuan izanik, herritarren zerga-karga eteteko edota atzeratzeko asmoarekin. Esate baterako, kiroldegiak ez ditu jarduera kuotak kobratuko eta martxoko kuotaren zati proportzionala itzuliko du. Hala ere, laguntza neurri hauek abian jartzeko lanean jarraituko dugu, betiere beste erakunde publiko batzuekin lankide-tzan eta koordinazioan.

Zeintzuk dira Udalaren covid-19aren inguruan dituzten kezka nagusiak?

—Krisi honek hankaz gora jarri du herritarren egunerokoa eta logikoa da kezkak edo zalantzak izatea. Hala ere, herritarrek informazio ugari dutela uste dut jarraitu beharreko aholku eta aginduei dagokienez eta zentzu honetan, eskertzekoa da administrazioetatik eta bereziki Osakidetza eta Osasun sailetik egiten ari diren lana herritarrak informatuta egon daitezen. Gure kasuan, zalan-tza nagusienak desplazamenduekin lotutakoak izan dira. Zenbait bizilagunek adineko senitartekoak dituzte beste herri batzuetan eta hauek bisitatzera joateko aukeren inguruan galdetu digute.

Zein mezu bidaiko zenieke, alkate bezala, derioztarrei?

—Koronabirusaren hedatzea geldiarazteko bakunarik onena etxean gelditzea da. Ahal den neurrian, etxean geratu mesedez, eta norbera babesteko neurriak hartu; norbera babestuz, gainontzekoak ere babesten dira. Espero dugu lehenbailehen normaltasun egoerara itzultzea, Derioko kale, giro eta jende apartaz gozatu ahal izateko.