LEZAMA - Aste honetan, eta datozenetan, Euskal Herriko koadrila, familia zein bakarkako biztanleak jo ta ke lanean ari dira ahalik eta mozorro original, dibertigarri edo ikusgarriena osatu ahal izateko. Oraindik zer jantzi argi ez daukatenak ordea buruari bueltaka ari dira jendea nola liluratu petsatzen. Egun hauetan, koloreak, animaliak, marrazki bizidunetako edo gaur egun famatuak diren bestelako gai edo pertsonaietako jantzak izango dira nagusi euskal kaleetan, izan ere, Udal eta elkarte desberdinek inauterien inguruko programazio zabal eta anitzak prestatu ohi dituzte data hauetan. Lezamako jendeak zapatuan ospatuko ditu herriko aratusteak, esate baterako. Arratsaldeko 18:00etatik aurrera, lezamarrak herriko frontoira hurbilduko dira beren mozorro originalak harro erakustera jardunaldi berezi honen inguruan disfrutatzera, izan ere, bere barnean ospatuko da jaialdia. Programazioaren hasieran, hau da, ate irekieratik 19:30ak arte, herriko umeak izango dira protagonista nagusiak antolakuntzak prestatuko dituen inauteriekin lotutako tailer eta jolasetan parte hartuta. Gainera, ordu tarte berean, photocall bat izango da bertan, koadrila eta familia desberdinek euren mozorro taldearen irudia hilezkortu ahal izateko eta etxean gordeta eduki ahal izateko. Jarraian, umeen mozorro eta artista lehiaketako izen-emate epea zabalduko da. Haurrentzako plangintzari amaiera borobila emateko, disko-festa eta mozorro banaketa ospatuko da 20:30ak eta gaueko 22:00ak bitartean.

Herriko txikiak etxera joanda, nagusientzako ordua helduko da. 22:00etan mozorro lehiaketan parte hartzeko izena emateko ordua izango da eta, sari-banaketa, ordu erdi beranduago, 22:30etan. Behin Lezamako mozorro original eta ikusgarrienak ezagututa, txapelketa kutsua eta lehiakortasun alde batera geratuko da eta jendea disfrutatzeaz bakarrik arduratu beharko da. Jardunaldi koloretsu honi bukaera bikaina emateko, DJ bat egongo da frontoian gaueko 23:00ak eta 01:00ak bitartean, horrenbestez, karnabaletaz gozatu nahi duten lezamar zein inguruetako biztanleek aukera paregabea izango dute zapatuko arratsalde eta gauean zehar Lezamako frontoira hurbildu ezkero. Inauteriak ospatzeko antolatu den jaialdiko programa erakargarri hau kontuan izanda, Lezamako Udalak biztanleria bertako partaide izatera animatu du, izan ere, urtero urtero oso irudi gogoangarriak utzi ohi dituzte mozorro jaiek. Are gehiago, jakinda herriko jaietako txupinazorako jeitsieran ere koadrilak gai zehatz baten inguruko mozrroak janzten dituztela, beraz, Lezamari mozorratzea asko gustatzen zaiola esan daiteke.