mungia - Heldu da aurreko urte osoan zehar mungiarrek hainbeste itxaron duten astea. Pasaden domekan Herri Kroseko 21. edizioan bizi zen egun bikaina, 1.700 pertsona baino gehiagoren partaidetzarekin, zapatu honetan San Antontxu jaialdiaren ondorioz biziko denaren adierazgarri txiki bat besterik ez zen izan. Egun osoan zehar, Mungiako jendea herriko kaleetara aterako da jardunaldi osoan zehar egongo diren ekintza desberdinetan parte hartu ahal izateko, izan ere, zonaldeko gune ugaritan egongo dira postu edo ekimen erakargarri desberdinak. Sabela betetzeko edo etxerako elikagai bereziak erosi nahi dituztenek aukera bikaina izango dute Foruen Plazan, Matxin Plazan eta Trobika, Alkartasuna eta Elorduigoitia kaleetan. Bertan zonaldeko produktoreek produktu desberdinak izango dituzte salgai eta erakusai; haragia, txerrikiak, esnekiak, barazkiak eta abar luze bat.

Bestalde hamaiketakoa jateko aukera ere egongo da Mungian izan ohi diren talo postutxoei esker. Artisautzak ere bere lekukotza izango du Andra Mari Gunean, udaletxeko arkupeetan eta Bentades Kaleko gune estalian, eta Ferialekuan, ganadu erakusketa eta salmenta eta nekazaritza makinaria egongo da salgai.

Haragizaleentzako oso jardunaldi berezia izango da, izan ere, goizeko 10:30etatik aurrera, udaletxe aurrean kokatutako karpa erraldoiak Euskal Herriko Odoloste eta Txorizo txapelketaren 24. edizioa jasoko du. Lurralde desberdinetako produktoreak aurrez aurre jarriko dituzte euren txerrikiak onena zein den jakin ahal izateko eta, azken finean, euskal txorizo eta odoloste onena zein den jakin ahal izateko.

Mungiako Merkatari eta Ostalarien Elkartea izango da txapelketa honetako antola-tzailea eta txerrikietan adituak izango dira epaimahaiean platerak dastatzen izango direnak, hortaz, eurek izango dute azken hitza aurkeztutako lehengaiak dastatu ostean eta aspektu desberdinak debatitu ostean. Behin eguerdiko 13:30ak ailegatuta ezagutzera emango dira kategoria bakoitzeko saridunen izenak.

Musika eta dantzek ere bere lekukotza izango dute Amilotx Dantza Taldea, Gure Ametsa Txistulari Taldea eta Akerbeltzeko kideak bezalakoen eskutik eta pilotazale amorratuek ere topagunea izango dute frontoian eskuz binakako partiduetan. - O. P.