lezama - Lezamarrek udan galdutako egoera fisikoa euren herritik atera gabe berreskuratzeko ordua heldu da, izan ere, datorren eguaztenean, urriak 2, Udal gimnasio berriko ateak irekiko dira. Hau, bi espazio desberdinetan antolatuta egongo da. Batetik, udal ikastaroak jorratu ahal izateko gela bat izango da bertan. Bestalde, giharrak landu ahal izateko tresneria eta korrika egiteko zintak, bizikleta eliptiko zein estatikoek ornitutako bihotz osasunerako makinek ornitutako beste areto bat izango da. Datorren astean hasita eta hurengo eguaztenera arte, urriak 9ra, gimnasio berriko ateak zabalik izango dira herriko biztanleriak bertoko instalazioak ikusi ahal izateko eta beiralea ezagutu ahal izateko. Lezaman erroldatutako biztanleak 16 urtetik gorakoak izan beharko dira bertako bazkide izan ahal izateko eta, adin txikikoen kasuetan, guraso edo tutoreen sinadura beharko dute erabiltzaile izan ahal izateko. Izen emate prezioari dagokionez, kirolari lezamarrek 80 euroko salneurria ordaindu beharko dute urtean. Hala ere, Udalak sei hilabetean izen emateko aukera jarri du eskuragarri, beraz, kasu honetan 40 euro ordaindu beharko lituztene urtarriletik ekainera edo ekainetik abendura. Bestalde, giharrak lantzeko giltza elektronikoa udaletxeko bulegoan erosi beharko da hiru euroren truke. Ordutegiari dagokionez, astean zehar, goizeko 7:00ak eta gaueko 22:00 bitartean egongo da zabalik, baina zaptuetan 20:00ak arte. Domeka eta jaiegunetan goizeko ordutegia izango da, 14:00ak arte.- O. P.