Beren enpresa-jarduerarekin hasten edo jarraitzen duten pertsona fisiko edo juridikoei laguntzeko asmoz abiarazi berri du Durangoko Udalak diru-laguntzen deialdi berri bat. Helburua udalerriko ekintzailetza eta merkataritza suspertzea da.

Durangoko Udalak diru-laguntzen deialdia jarri du abian, udalerriko ekintzailetza eta merkataritza suspertzeko. Diru-laguntzaren bidez, beren enpresa-jarduerarekin hasten edo jarraitzen duten pertsona fisiko edo juridikoei lagundu nahi zaie, herriko merkataritza eta beste sektore ekonomiko batzuk dinamizatzen laguntzeko.

Onuradunak, baldintzak eta diru-laguntzaren xedea

2025eko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean Durangon jarduera ekonomiko bat garatu edo lekuz aldatu duten pertsona fisiko edo juridikoek jaso ahal izango dituzte laguntza horiek. Onuradunek honako baldintza hauek bete beharko dituzte: jarduera ekonomiko berri bat hasi izana; jarduera ekonomiko bat kalean bertan dagoen lokal batera lekualdatu izana, lokalik ez dagoen leku batetik; enpresa-transmisioaren bidez lehendik zegoen jarduera ekonomiko bati jarraipena eman izana; eta Durangoko merkatuan postu bat ireki izana.

Laguntzak kalean bertan edo Durangoko merkatuan kokatutako jardueretarako dira, honako sektore hauetan: txikizkako merkataritza, ostalaritza eta jatetxeak, eta udalerriko merkataritza suspertzen laguntzen duen beste edozein jarduera ekonomiko.

Durangoko Udalak 80.000 euro bideratu ditu deialdi honetara. Azken bi urteetan, diru-laguntzetarako aurrekontua nabarmen handitu da. 2024an 50.000 eurotik 62.000 eurora pasa zen, eta aurten berriz 80.000 eurora bitarte handitu da. Azken bi urteetan, 22 eskaera jaso dira, eta diru-laguntza hainbanatu behar izan da. Horregatik, aurten, Dendak bai Merkatarien Elkarteak eskatuta, partida % 20 baino gehiago handitu dugu. Hazkunde horrek adierazten du udalerriak tokiko ekintzailetzari laguntzeko duen konpromisoa. Egindako inbertsio osoaren % 60ra bitarte diru-laguntza emango da, eskaera bakoitzeko 4.000 euro gehienez. Laguntza honen helburua ekintzaileei babesa eskaintzea da, beren proiektuak eta jarduera ekonomikoak Durangoko udalerrian gauzatu ahal izateko.

Laguntzen garrantzia

Jesica Ruiz, merkataritzako zinegotziak, nabarmendu du laguntza hauen garrantzia herriko enpresa ehuna sendotzeko eta Durangon ekintzailetza sustatzeko: "Deialdi honekin, negozio berriak sortzeko prozesua erraztea, enpresa-proiektuen sendotzea eta gure ekonomiaren dinamizazioa bilatzen ditugu. Jakitun gara ekintzailetza erronka handia dela, eta horregatik, azken bi urteetan inbertsioa handitu dugu, 50.000 eurotik 80.000 eurora igaroz. Partida honek gure apustu sendoa iadierazten du ekintzailetzan, Durangon proiektuak aurrera ateratzeko ziurtasunak emateko. Gogorarazi nahi dut laguntza hauek bateragarriak direla beste laguntza batzuekin."

Diru-laguntza eskatu nahi dutenek Durangoko Udalaren egoitza elektronikoan eskuragarri dagoen ereduaren bidez egin beharko dute non, bertan deialdiari buruzko informazioa ere kontsulta daiteken. Salbuespenezko kasuetan, eskaerak aurrez aurre ere aurkeztu ahal izango dira Durangoko Udalaren Herritarrentzako Arreta Zerbitzuaren bulegoan. Eskaerak aurkezteko epea ekainaren 1era bitarte egongo da zabalik, egun hori barne.