Mungia - Mungiarrek abuztuaren agur aparta bizitzeko aukera izan zuten atzokoan. Hilabete osoan zehar, hainbat izan dira euren jaiak ospatu dituzten herriko auzoan eta, urterolez, Belakoko jaiak ospatu izan dira abuztuko azkenengo asteburuan. Bariku arratsaldean Eneperi jaien hasiera eman zuen txupinazotik aurrera, San Antón ermita inguruko landak jendez gainezka izan dira programazioak zehaztutako ekintza desberdinetan parte hartuz. Atzokoan, gainera, jaietako jarduera berezienetakoa ospatu zen, izan ere, DEIAk babestutako Bizkaiako artzain-txakurren txapelketaren 55. edizioa antolatu zen San Antonen ingurueta. Orokorrean, 13 izan ziren lehiaketan parte hartu zuten txakurrak eta 10 euren artzainak. Bizkaiako herri desberdinetakoak izan ziren Belakon; batik bat, Abadiño, Orduña, Orozko, Sodupe, Aulesti eta Markinakoak. Hala ere, Mungiak ere bere ordezkaritza izan zuen Ibon Bilbao birletarra eta Laika txakurraren eskutik. Ondorioz, irailean Oñatin ospatuko den Euskal Herriko txapelketan izango da eta, gainera, nazioartekoan ere. Formatuari dagokionez, bi ariketa desberdin planteatu ziren. Lehenengoan, txakurrek euren esanekotasun eta trebezia demostratu behar izan zituzten eta, frogako lau onenak, azkenengo fasera igaro ziren. Bertan, azkenengo erakustaldia eman zuten euren esanekotasun eta abilidadea erakutsi zituzten.

arratsalde zaporetsua Nahiz eta artzain-txakurren lehiaketak San Antón ermitaren inguruetara bertaratutako pertsona gehienen atentzia bereganatu, hainbat izan ziren arratsalde osoan zehar egon ziren ekintza desberdinak. Txikienak antolakuntzak baliatutako puzgarrietan saltoka ibili ziren bitartean, kuadrila eta familia desberdinek amantala jantzi zuten, izan ere, urterolez, tortilla txapelketak hainbat talderen partaidetza izan zuen. Gainera, txikienentzako gazta egiten ikasteko taller txikia izan zen eta gozozaleentzako postutxoa ere. Aurretik, ermita azpiko txokoa kontzentrazioaren plaza izan zen. Bikote ugari aritu ziren mus txapelketako txapela lortzeko eta lehiak ikusle ugari bertaratu zituen partaideen jokaldiak komentatzera. Behin gaua ailegatuta, egunean zehar ospatutako ekintzen sari banaketak izan ziren eta jendea dantzan ibili zen Idoia Markaida eta Roberto Etxebarriak eskeinitako erromeriari esker. Gainera, jendea indarberritzeko txokolatada eskaini zuen antolakuntzak gauerdian. Gaurko egunari dagokionez, goizeko 11:00tako meza izango da ekintza bakarra, San Anton ermita barnean. Orokorrean, esan daiteke abuztua amaitzeko era egokia topatu dutela mungiarrek.