mungia - Nahiz eta Mungiako San Pedro jaiak ekainaren amaiera eta uztailaren hasieran ospatu izan ziren, herriko auzo desberdinek ere euren jai partikularrak antolatzen hasi dira. Horregatik, abuztuan zehar jai ugaritaz gozatzeko aukera izango dute mungiarrek. Haietan lehenengoak Billela auzoko jaiak izango dira, Birleako Jai Batzordearen antolakuntzaren eskutik. Hauek, hileko aurreneko asteburuan ospatuko dira, abuztuaren3, 4 eta 5ean.

Zapatuan, arratsaldeko 18:00retatik aurrera hasiko dira ofizialki Billelako jaiak oso zapore onarekin, izan ere, urteroko tortilla txapelketa ospatuko da. Ondoren, gaua behin helduta, Gau Argi taldeak erromeria bat eskeiniko du sukaldatze txapelketako sariak entregatu ostean.

Hurrengo egunean Kofradia Eguna hasiko da eguerdiko mezarekin eta, ostean, tiragoma jaurtiketa eta briska lehiaketak egongo dira adin desberdinetako jendeak disfrutatu ahal izateko. Arratsaldean, ordea, auzoko futbito txapelketako finalak jokatuko dira eta, gainera, animalia erakusketa bat egongo da gauean DJ Markelinek auzoa dantzan jarri aurretik 21:30tan.

Astelehenean ospatuko da Billelako jaietako azken eguna. 12:00etako meza ostean, herri kirolen ordua helduko da eta eguerdia urreratzen doan einean briska txapelketako finalak izango dira. Arratsaldeko 18:30etatik aurrera asto lasterketa egongo da eta, jarraian, sahieski dastaketa egongo da. Jaiak datorren urtera arte agur esateko erromeria eta Patata Dantza egongo dira gauean eta, amaitzeko, txokolatada indarrak berritzeko. - O. Pérez