LAUDIO. Laudioko Udalak Mintegietako karobia birgaitzeko gauzatzen ari diren lanak ikuskatzeko eta bertan kontrol arkeologikoa egiteko zerbitzua izango du.

Laudio Udalak Aholku Batzorde Zientifikoa eratu zuen 2019an, udalerriko kultura ondare materialari dagokionez bideratzen diren esku-hartzeei buruzko gomendioak eta jarraibideak izate aldera. Arabako Foru Aldundiaren Museo eta Arkeologia Zerbitzuko profesional entzutetsuek, Eusko Jaurlaritzaren Kultura Ondarearen Zentrokoek, Euskal Herriko Unibertsitatekoek, Deustuko Unibertsitatekoek nahiz Bizkaiko Foru Aldundiaren Bilboko Arkeologi Museokoek osatzen dute aholku batzordea.

Horiek horrela, Zerbitzu, Auzo eta Landa Inguruneko zinegotzi Joseba Amondok azaldu du "euren jarraibideekin bat, eta Arabako Foru Aldundiaren Museo eta Arkeologia Zerbitzuaren errekerimenduz, `Mintegietako karobia osoki birgaitzeko´ proiektuari, beste proiektu paralelo bat gehitu zaio, osagarria, zeinaren bidez obren kontrol arkeologikoa egingo den". "Beharrezko egituren eraiste- eta berreraikitze-lanen jarraipena egingo dute, baita barrualdearen hustuketarena zein zimendu berrietarako egin beharko diren lur-mugimenduena ere", erantsi du zinegotziak.

Horrez gain, prozesuaren dokumentazio-lanak ere egingo dituzte, beharrezko informazio idatzi eta grafiko guztia bilduta, horrela, inplikatutako erakundeei egindako lanen berri emateko. Azkenik, lanean ibiliko diren beharginei beharrezko aholkularitza teknikoa ere emango die batzordeak, betiere, ikuspegi historiko edota arkeologikotik begiratuta beharrezkoa beharrezkotzat edo komenigarritzat jotzen bada.

BIRGAITZE-LAN OSOAK

Bestalde, kultura interesa duen ondasunaren birgaitze-lanak esleitu egin dira dagoeneko, orotara, eta ia 35.0000 euroko inbertsioa egin da horretarako. Bi espazio hartzen dituen multzo osoa birgaituko da proiektuaren bidez; lehenengoa kareharria egosteko labea bera, eta, bigarrena, lortutako produktua metatzeko kanpo-biltegia. "Lehenengo elementuaren hormen kanpoaldean ez da antzeman aurri-zantzurik, beraz, printzipioz behintzat, garbiketa-lanak eta jatorrizko egiturarenak ez diren materialak kentzekoak baino ez dira egingo", adierazi du Amondok. Horrez gain, ohartarazi du gutxi gorabehera bi metro luze dauzkan hustubidean eta ahoan, bai, materialak erori direla, zehazki, karobiaren hormen eta kanpo-biltegiaren hasierako harlanduzko hormaren arteko zatian". Horrexegatik ipini beharko dira zurezko zubi berriak, horien gainean harlanduak paratuta, egitura berreraikitzeko.

Azkenik, kanpo-biltegia eraitsi eta berriz eraiki beharko da, osorik. Dena den, egungo hormetako harriak berrerabiltzea da asmoa, eta hormigoizko zimenduen bidez egonkortzea. Estalkiak duen egoera ikusita, ezingo da berrerabili, beraz, materialak osoki berrituko dira, baina hasierako konfigurazioari eutsita. "Behin baino gehiagotan adierazi dugunez, birgaitze-lan hauei esker, interes etnografiko handiko elementua berreskuratu ahalko dugu, non, eta Isusin, hau da, Ermuko Andra Mariren santutegitik gertu", esan du Joseba Amondok amaitzeko.