LAUDIO. Laudioko Udalak bukatutzat eman ditu anbulatorioko irisgarritasuna hobetzeko egin diren obrak. Guztira, 35.000 euroko aurrekontua bideratu da lan horiek gauzatzeko. Lehen, larrialdietako ibilgailuek espaloi gainean aparkatu behar izaten zuten pazienteak jaso eta uzteko maniobra egiteko, baina orian dagoeneko eragozpen horiek konpondu dira. Atzo, hilak 23, Laudioko alkate Ander Añibarrok hobekuntzak aurkeztu zituen, Barrualde-Galdakao ESIko gerente Jon Guajardorekin batera.

Orain arte, larrialdietako ibilgailuek espaloi gainean aparkatu behar zuten pazienteak jaso eta uzteko maniobra egiteko. Arabako Foru Aldundiaren obra txikien programako 35.000 eurori esker gauzatu ahal izan da.

Era berean, esku-hartze ugari egin dira PCR probak egingo diren eta covid-19 kasuak izan ditzaketen pertsonei arreta emango zaien etxola aurrefabrikatuak instalatu ahal izateko. Eremua urbanizatu egin da, eta soropila erein da. Horrez gain, hainbat zuhaixka landatu dira, ingurua atseginagoa izan dadin. Azpiegitura berri horri esker, Zumalakarregi etorbidea biribilgunearekin lotu ahal izan da.

ALDI BATERAKO ETXOLAK

70 metro karratuko azalera hartzen duten behin-behineko egiturak instalatzeko lanak amaitzen ari dira, izan ere, datorren astelehenean, irailaren 28an, hasiko dira lanean.

Guajardok komunikabideen aurrean egindako agerraldian adierazi duenez, "Etxola horiek aukera emango dute PCR probak egiteko eta covid-19 duten edo izan dezaketen pertsonei arreta emateko". Hori horrela, "Ez da beharrezkoa izango osasun zentroko instalazioetara sartzea", gaineratu du, eta horrek bermatuko du covid-19 izan daitezkeenen eta ez dutenen arteko bereizketa.

Alkateak, bere aldetik, eskerrak eman nahi izan ditu udal langileen eta Osakidetzaren arteko koordinazio bikainagatik.