LAUDIO. Koronabirusak eragindako kalte ekonomikoak gutxitzeko asmoarekin, Laudioko Udalak herriko saltoki, ostalari eta zerbitzuen sektorearen beharrei erantzun ahal izateko estrategia partekatu bat diseinatuko du. Horretarako, egungo eskaintza bertatik bertara ezagutzeko inkesta egin dute.

Estrategia horren barruan, udalerriko negozio mota horien jabeei inkesta bat jarri zaie abian. Inkesta horren bidez, alde batetik, sektorearen egungo eskaintza eta etorkizuneko itxaropenak ezagutu nahi dira, eta, bestetik, sektorearen premia, erronka eta proiektu giltzarriak identifikatu.

Andoni Orue Garapen Ekonomiko, Merkataritza eta Enpleguko zinegotzi delegatuak adierazi duenez, "Gaur egungo egoeran, inoiz baino garrantzitsuagoa da sektorearekin aktiboki entzuteko jarrera izatea, bere ondoan egotea, eta epe ertain eta luzerako proiektuak garatzearen alde egitea".

ONLINE INKESTAK

Inkesta online bete ahal izango da Udalaren webgunean eta datorren ekainaren 7ra arte egongo da eskuragarri. Informazioa biltzeko prozesua amaitu ondoren, hainbat lan-mahai jarriko dira abian sektorearekin, emaitzak aztertzeko eta datozen urteetarako ibilbide-orria zehazten hasteko.

"Ezaugarri horiek dituen prozesu bat sektorearekin partekatu behar da. Horregatik, hasiera-hasieratik parte hartu behar duzu. Proiektuek Laudioko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuak izan behar dituzte abiapuntu, eta horretarako guztiok partekatuko ditugu erantzukizunak estrategia martxan jartzerakoan", amaitu du Andoni Orue zinegotziak.