BILBO. Aurkezpenean, udalerriko alkatea, Ekaitz Mentxaka, Kultura, Berdintasun eta Gazteria zinegotzia, Ana Maite Fernandez eta Jai Batzordeko zenbait kide izan dira programaren nondik norakoak azaltzeko ardura izan dutenak. Era berean, mahaian jaietako beste protagonista batzuk ere presente egon dira, Sarea Txiki Abesbatza batzordeko Maritxu Cernadas eta Amalia Prieto eta Etorki Dantza Taldearen ordezkaria den Arantza Castañiza besteak beste.

Ekaitz Mentxaka alkateak adierazi duenez, “egitarau oparoa antolatu da aurten ere, adin eta gusto guztietara egokitzen diren 50 ekimen baino gehiago izango baititugu. Beste behin, Ugaoko herritarrak jaietako benetako protagonista izango dira”. Era berean, alkateak jaiak posible egiten dituzten pertsona, kolektibo, Jai Batzordeko kide, elkarte eta udal langileen lan nekaezina eskertu eta aitortu du. Guztien esfortzuari esker, jaiak hitzordu berezi eta paregabe bihurtu direlako auzotar guztientzat.

Bestalde, Ana Maite Fernandez zinegotziaren esanetan, “jaiak familiarekin, lagunekin edota bakoitzak nahi duenarekin gozatzeko uneak eskaintzen ditu. Ospakizun anitza, inklusiboa, ideia, kolore eta sentimendu guztiek dute tokia Ugaon, baina batez ere, errespetua eta bizikidetza presente egon behar dira espazio guztietan, kalean, tabernetan?Jaietan guztiak ez du balio. Besteekiko errespetua et askatasuna nagusitu behar dira. Eta Ez beti da Ez”.

Guztira 50 ekitalditik gora izango dira, eta horiek martxan jarri ahal izateko, Ugao- Miraballesko Udalak 95.000 euro inguruko aurrekontua bideratu du. Programazioari dagokionez, ostiralean, hilak 6, eguna herriko emakume eta gizon nagusienei jubilatuen egoitzan egingo zaien omenaldiarekin hasiko da eta jada ohikoa den buruhandi eta erraldoiek alaitutako koadrilen jaitsieraren ondoren, Udiarragako ama birjinaren omenezko jaiei ofizialki emango zaie hasiera. 19:00etan Udaletxeko balkoian pregoia irakurri eta txupinazioa botako da, aurten esan bezala, Sarea Txiki Abesbatzaren eskutik. Musika ere nagusi izango da ostiralean, Itziarren Semea eta Modus Operandi taldeen doinuei esker.

Larunbatean, irailak 7, eguna marmitako eta tortilla txapelketan parte hartzeko izenematearekin hasiko da, Gero, udalerriko kaleak zeharkatuko dituen Dianari ekingo zaio. Egunean zehar, skate ikastaro eta entrenamenduak izango dira, kale animazioa, Ugao emakumezko futbol taldearen aurkezpena, buruhandiak, mus txapelketa, dantzak, ohiko salbea Ama Birjinari, Talavera de la Reinako eta Sarea Abesbatzen kontzertuak, ABBAren tributo taldearen emanaldia eta DJ saioa.

8an, igandean, publiko guztiari zuzendutako ekintzak egongo dira. Ermitako zabalgunean 11:00etan hasiera emango zaion Gorbeialdeko ekoizleen nekazal azokaz gain, haurrek ludoteka, txikigune, tailer, familian egiteko jolas eta hondartzaz osaturiko parkeaz gozatzeko aukera izango dute. Gazteek, aldiz, zezen mekanikoa, ohe elastikoak, kart-zirkuitua, futbolina eta ping-pong mahaia izango dituzte Arandia gunean. Eguerdiko 12:00etan, meza nagusia ospatuko da herriko Sarea Abesbatzak abestuta. Herri Kirolarekin lotutako erakusketak ere izango dira, esku pilota partidak, kalejirak, kale antzerkiak eta Gorka Knörr eta 3ZPALAU taldearen ikuskizunak baita.

Eta astelehenean, irailak 9, amaiera emango zaie. Goizean umeentzako ekintzak izango dira, entzierroa zezen puzgarriekin, kalejirak eta bukaera bikain gisa, hitzordurik garrantzitsuenetarikoa izango da ermita inguruan, Indaba jana, alegia, kofradiaren hirugarren aroko bederatzigarren senidetze-bazkaria. Arratsaldean, Zo-Zongó taldeak, Puro Relajo mariatxiak eta DJ emanaldi batek Ugao-Miraballesko txoko desberdinak girotuko dituzte. Gaueko 23:45etan, bolari bira emateko unea izango da, aurten 55. urteurrena betetzen duen Etorki Dantza Taldeak eskutik. Gauerdia pasata, 00:15etan, Astondoa pirotekniaren amaierako traka izango da.

Gogoratu beharra dago, Arkaitz Aranguren ugaotarrak irabazi duela aurtengo Ugao- Miraballesko jaietako kartel-lehiaketaren 29. edizioa, 15 urte gorako kategorian, “Abarkak kabletik eskegita” izeneko diseinuari esker. Hala erabaki zuen Jai Batzordeko kideekin osatutako epaimahaiak. Sari gisa, Arkaitzeko 500 euroko lehenengo saria jaso du eskudirutan. Kategoria honetan guztira 7 proposamen jaso ziren. Bestalde, 15 urtetik beherako kategorian 11 urteko Amaia Zarate Uribe izan zen irabazlea. Kasu honetan 2 lan aurkeztu ziren.