BILBO. Gaur goizean izandako bileran, Ugaoko Udalak Gernikako Enparantzan dauden txandakako aparkalekuen kontrola arautzeko udal ordenantza onartu du. Herrian ez dago aparkatzeko leku askorik eta, beraz, herritar guztiek aparkatu ahal izatea ahalbidetuko du ordenantza berriak.

“Ugaoko Udaletik tokiko merkataritza suspertzeko hainbat ekintza egiten ari gara eta hau da, hain zuzen ere, Ordenantza honen beste helburuetako bat. Honen bidez, udalerrian ibilgailuen aparkatzea erraztu nahi dugu, tokiko merkataritzan egiten den kontsumoa sustatuz eta orokorrean, tokiko ekonomiari bultzadatxo bat emanez”, adierazi du Ekaitz Mentxaka alkateak.

Jarraian adierazitako egun eta ordutegietan egongo dira indarrean aparkatzeko mugak: Astelehenetik ostiralera, 08:30etatik 20:30era; larunbatetan, 09:00etatik 13:30era, eta larunbat arratsaldeetan eta jaiegunetan, mugarik gabe aparkatu ahal izango da.

Adierazitako ordutegia eten, aldatu edota handitu ahalko da, unean-unean, honako arrazoi hauek medio: segurtasuna; obrak; interes publikoa; kultura ekitaldiak; jaiak; kirol ekitaldiak; eta abar.

Aparkatzeko arauei dagokienez, txandakako guneetan aparkatzeko, arau orokor eta berezi guztiak betetzeaz gain, eta seinaleak errespetatzeaz gain, aparkatzean makina automatikoak dohain emandako tiketa jarri beharko da ibilgailu barruan, haizetakoan, ondo ikusten den toki batean. Bereizgarri hori lortzeko, ibilgailuaren matrikula sartu beharko da makina automatikoan. Aparkatzen deneko eguna, hila eta ordua jasoko ditu aipatutako tiket horrek, kotxea aparkatuta egon den denbora kontrolatzeko balio izango duena.

Gogoratu beharra dago, Ugao-Miraballesko Udalak guztira 22.158 euro bideratu dituela doako 32 aparkaleku plaza sortzeko. Jarduketa honen bidez, Udalak herriko komertzio eta ostalaritza sektoreek egindako eskaera nagusietako bati erantzuna eman nahi dio.