BILBO. Udalak, guztira 22.158 euro bideratu ditu doako 32 aparkaleku plaza eraikitzeko. Jarduera honen bidez, Ugao-Miraballeseko Udalak herriko komertzio eta ostalaritza sektoreak egindako eskaera nagusietako bati erantzuna emango dio. Autoak dohainik eta denbora jakin batez aparkatu ahal izango dira. Behin denbora hori agortuta, erabiltzaileak kotxea atera beharko du beste autoen aparkatzea errazteko.

“Asko izan dira Udalerriko komertzioa eta ostalaritzaren jarduna hobetzen lagunduko lukeen txandakako parking bat sortzeko beharra erakutsi diguten herritarrak. Neurri honekin, erdigunean dagoen aparkaleku eskasiari konponbidea emateaz gain, herritarren eskakizun honi erantzuna ematen diogu, mugikortasuna erraztuz eta bezerogaiak Ugao-Miraballesera hurbil daitezen bultzatuz” esan du Ekaitz Mentxaka alkateak.

Kudeaketa parkimetro baten bitartez egingo da. Sarbidea librea izango da, barrerarik gabekoa. Behin autoa aparkatuta, gidariak dagokion tiketa hartu beharko du parkimetrotik, doakoa izango da, eta kotxearen aurreko aldean jarri beharko du, modu errazean ikusteko leku batean, alegia. Tiketak kotxea aparkatuta egon den denbora kontrolatzeko balio izango du.

Zehaztutako ordutegi eta egunez kanpo, aparkatzea librea izango da, denbora mugarik gabe. Adibidez, gau osoan zehar aparkatu ahal izango da. Definitzeke daude oraindik erabilerarekin lotutako ordutegiak eta datak. Hurrengo asteetan dendariekin zein ostalariekin egingo diren bileretan adostuko dira. Zehaztasun hauek, aparkalekuko seinaletikan kokatuko dira, informazioa erabiltzaile guztien esku egon daiten.

Etorkizunean, Udalak aurreikusita dauka zonalde honetan mugatutako aparkalekua erregulatuko duen neurri hau udal ordenantzan gehitzea.