Hilabeteetan zehar itxaron behar izan dute, baina esperoaren ostean ordaina etorri ohi da. Eta bermeoarrek badute jada aukera Tonpoiko ingurune naturalaz goza-tzeko. Itsasertzean kokatutakoa -Izaro irla, portu edota Ogoño lurmuturra dira zerumugan- eta lehen uralitaz eraikitako ortuz osatutakoa, gaur egun berdez jositako eremua atzokoan zabaldu zuten. Gainera, klima-aldaketara egokitutako espazioa da berau, “bero-boladen kasuan biztanleak babesteko itzalguneekin”. Horretarako, “iraunkortasuneko eta ekonomia zirkularreko irizpideak erabili dira (material natural eta tokiko jatorridunak eta kostaldeko ekosistemaren berezko landare-espezieen erabilerarekin), eta ingurumenari dagokionez, ahal den guztia berreskuratu da”, nabarmendu dutenez.Guztira, Tonpoi gunea eraberri-tzeko lanak 253.885,54 euro bideratu dira. “Bukatu berri dugun lehen fase hau garrantzitsua izango dira Bermeorentzako. Izan ere, herriko gune eder bat berreskuratu dugu, ingurumena erabat errespetatzen duena. Bermeotar guztiek seguru naiz gustura asko bisitatuko dutela gune hau. Eskerrak eman nahiko nizkieke lan hauetan parte hartu duten instituzio guztiei”, adierazi du Bermeoko alkate Aritz Abaroak. Lanak egiteko Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak ematen duen diru-laguntzak eta Europar Batasunaren LIFE - Urban Klima 2050 programak baliatu dituzte.

Berreskuratze lan hauek faseka egin dira. Eremua prestatu ondoren, txabolen eta itxituren eraispena eta lurren garbiketa egin da, ondoren, proiektuan aurreikusitako jarduera nagusiak gauzatu ahal izateko: Tonpoia eta Tala parkea lotu eta oinezkoentzako pasealeku bat egin da, lehen egon diren Talape eta Tonpoirako bidezidorrak egokituta. Bestetik, zuhaitz eta zuhaixka autoktonoak landatu dira (besteak beste, arteak, artelatzak, ametzak eta ereinotzak) eta landazabal atlantikoa berreskuratu da. Azkenik, biodibertsitatea bultzatzeko mikrohabitat berriak sortu dira, hainbat espeziek erabilgarri izango dituztenak. “Gaur egun ez dugu etorkizunean izango den basoaz gozatu. Baina gune berezia izango da”, adierazi zuten udal teknikariek.

Bestetik, udal arduradunek beste fase bati aurki ekingo zaiola aurreratu zuten. Izan ere, hirigunetik Ari-tzatxuko hondartzaraino heltzeko proiektua abian da. “Hurrengo pausoa Tonpoia eta Aritzatxu hondartza batzeko ibilbidea amaitzea izango da, urritik aurrera. l