- "Urdaibaik inoiz baino protagonismo handiagoa izan du" Arrain Azokan, Hala baloratu dute Urremenditik Bermeoko Udalak eskualdeko eskaintza gastronomikoa sartzeko egindako proposamena. Euskal kostaldeko arrantzaren azoka nagusian berebiziko partaidetza jaso zuen. Eta Urdaibaiko Esentziak delako ekimenaren bitartez "eskualdeko produktuari balioa emateko egindako apustua" nabarmendu dute. Busturialdeko Landa Garapen Elkarteak antolatutako programa bereziak "jende ugari erakarri zuen programazioan sartutako berrikuntza ugariei esker, elkarteak ezarritako helburu guztiak betez".

Dastatzeak, uztartzeak, showcooking-ak, aurkezpenak eta bertako produktua eta gastronomia sustatzeko eta balioesteko haurrentzako tailer gastronomikoak izan ziren nagusi iragan den asteburuan zehar Bermeon. "Horiek izan ziren larunbat osoan Lamerako karpa gastronomikoan egin ziren jardueretako batzuk", azaldu dute, Eta hauei buruzko balorazio oso positiboa egin dute. "Nabarmentzekoa da Lameran, Arrain Azokako gainerako standekin batera, Urremendik stand bat izan zuela bisitarientzako informazio gune gisa. Erakustoki horretan, dastaketetarako sarrerak erosteaz gain, Urdaibaik duen eskaintza turistiko zabalari buruzko informazioa eskaini zen".

"Larunbatean burututako ekin-tzek arrakasta handia izan zuten", diotenez. "Parte hartzea handia izan zuten eta asko gustatu dira. Gainera, Urdaibaiko Esentzien programazio zabalari esker, bisitariek bertatik bertara ezagutu ahal izan zituzten eskualdean ditugun kalitate handiko produktuak, bai eta sukaldarien, sommelierren, txakolin upategien eta Urdaibaiko kontserben lan ona ere".