Lekeitioko udalak datozen hilabeteetan emango die hasiera hiru kaleetako berrurbanizazio lanei. Hala, hauek hasi baino arinago kale hauetan bizi diren lekeitiarren beharrak identifikatu nahi dituzte. Horretarako, Karmengo Ama, Antiguako Ama eta Basotxo kaleen berrurbanizazio proiektuaren zirriborroa aurkeztuko du apirilaren 28an. Hitzordua jarria dute egun horretako arratsaldeko 18:30etarako, kultur etxean.Aurkezpen honetan kaleetan egingo diren lanen inguruko xehetasunak emango dituzte udal ordezkariek eta “auzokideen iritzi eta ekarpenak jasoko dira proiektuan barneratzeko”.,Herriko beste hainbat kaletan egin den antzera “irisgarritasuna, ur-hornidura, argiteria publikoa edota saneamendua berrizteko eta hobetzeko lanak” egingo direla nabarmendu dute Udaleko arduradunek. Momentu honetan proiektua garatzen ari da eta Udalak “garrantzitsutzat” ematen du auzokideen parte hartzea eta ekarpenak jasotzea.Hiru kaleen berrurbanizazioa udazkenean hastea aurreikusten dute.

Era berean gogoratu beharra dago, aurten egin dela Basoaldeako berrurbanizazioa eta etorkizun laburrean Zumatzeta, Harbiatx, Agirre Solarte eta inguruko kaleak berrurbanizatzeko proiektua ere egingo dela, honen idazketa jada adjudikatu delarik. Guztira 12.800 metro karratuko ingurua hartuko du proiektu honek eta, orokorrean, bi jardueramota gauzatuko dira nabarmenki: lurperatutako instalazioak egokitzea eta espaloiak eta galtzadak berritzea.

Egin beharreko lanak

Horrekin, beste gauza batzuen artean, trafikoaren noranzkoa eta aparkalekuak berrantolatuko dira Zumatzeta, Harbiatx, Agirre Solarte eta inguruko kaleetan, eta oinezkoentzako espaloiak hobetu dira. Bestalde, Lekeitioko Udalak lau kale hauetan koka-tzen diren aparkaleku-plazak berrantolatuko ditu, zebra-bideak egokitu egingo ditu, espaloiak jaitsiz edo galtzadak altxatuz, “oinezkoen joan-etorria hobetzeko”, eta ukipen-zoladura izango dutelarik, eta azkenik, zuhaitz gaixoak berrituko ditu eta zuhaitzik gabeko kaleetan espezie berriak ezarriko dira. Azkenik, “egungo argiak aztertu eta berrituko dira, oinezkoentzako segurtasun-arriskua eragin dezaketen gaizki argiztatutako eremuak gera ez daitezen”.