Bermeoko Udalak aurrekontua handitu nahi du datorren ekitaldiari begira. Hala, Udal Gobernuak aurtengo aurrekontuarekin alderatuta % 0,5 igotzeko proposamena egin du; hau da, 23.900.052,72 eurokoa.

Aurrekontu honek hiru ardatz nagusi nabarmentzen ditu: nagusi eta beharrizan gehien duten pertsonei zuzenduriko zerbitzuetara bideraturiko errekurtsoetan %4,9ko igoera aurreikusten dela, kultura eta aisialdi ekimenak sustatzekoetan %22koa eta Bermeoko sektore ekonomikoak dinamizatu eta berraktibatzekoetan %8,4.

“Oso gustura gaude egindako proposamenarekin. Ez da erraza izan. Lanketa sakon baten ondorioz egindako aurrekontua da aurten proposatzen duguna. Aurreko urteetakoak bezala, gure hiru helburu estrategikoen arabera egin da: bermeotarren bizi kalitatea hobetzea, aberastasuna eta jarduera ekonomikoa handitzea eta itsas-nortasuna eta kudeaketa estilo propioa sustatzea”, adierazi du Bermeoko alkate Aritz Abaroak.

Pasa den urriaren 25ean Bermeoko Udalak 2022ko aurrekontua garatzeko prozesu parte hartzailearen emaitzak aurkeztu zituen. Prozesu honetan 728 bermeotarrek parte hartu zuten eta bertan jasotako hainbat proposamen 2022ko aurrekontuetan islatu ditu Udal Gobernuak.

Besteak beste, Udal Gobernuak honako ekintza nagusiak jaso ditu bere aurrekontu proposamenean:

Mantenu-lanak eta zerbitzu berriak:

  • Lameran komun berri bat jarri
  • Lamerako lurzorua konpondu
  • Herriko gune ezberdinetan bideak asfaltatu, kaleko altzariak hobetu eta lauzak konpondu
  • Zarata gutxiago ateratzen duten kale-garbiketarako makina berriak ekarri

Aisialdia eta bizimodu osasuntsua:

  • San Martinen, Klarisen ondoan, aire zabaleko kirol gunea egin
  • Herri eskoletako patioak bermeotarren aisialdirako gune modura egokitu eta zabaldu
  • Bekoportala, Gaztelekua eta Ludoteka zerbitzuak indartu
  • Ume eta gazteen jolasguneak konpondu eta mantendu
  • Udako liburutegia Aritxatzun martxan jarri

Gizarte politikak:

  • Bakarrik bizi diren adineko pertsonen laguntzarako eta jarraipenerako programak martxan jarri
  • Adikzio eta menpekotasunen prebentzio programak garatu

Gure nortasuna, gure historia:

  • Alde zaharreko zenbait orubeetan muralak margotu
  • Gaztelugatxera lanzaderak eta bisita gidatuak antolatu
  • Bermeoko euskara balioan jarri

Gertuko administrazioa:

  • Udal webgune berria martxan jarri

Aurrekontu proposamen hau gainontzeko udal taldeei aurkeztu die Udal Gobernuak guztien ekarpenak jaso, aztertu eta bidergarri diren heinean txertatzeko. Hori horrela, datozen egunetan beste talde politikoen ekarpenak aztertuko dituzte behin betiko aurrekontu proiektua dagokion osoko bilkurara aurkeztu aurretik. “Aurreko urteetan bezala, adostasun zabalena bilatzea da Udal Gobernu honen gogoa, beti ere, aurrekontu errealista bat bilatuz eta bermeotarrekin hartutako konpromisoak betetze aldera” argitu du Aritz Abaroa alkateak.