Iazkoan izandako erantzun onari ebatuta, Bermeo Tuna World Capital erakundeak (BTWC) beste urte batez ospatuko du arrantza sektorean berrikuntza eta jasangarritasuna gakoak dituen ideia berritzaileen maratoia. Innovathon 2021 izenaz ezagutzen den ekimena azaroaren 13 eta 14ean egingo da, Bermeoko Kafe Antzokian. Beste behin, helburu nagusi bat bilatuko du: ideia berritzaileen sorleku izatea, beti ere atunaren arrantzari lotutakoak. Sariak ere potoloak izango dira: irabazleek 10.000 euro poltsikoratuko dituzte, eta baita aukeratutako negozio-idea garatzeko aukera ere.

"Potentzial handiko ideia berritzaileak sortzea sustatu nahi du" ekimenak. "Helburua Bermeoko Innovathonetik ateratako ideiak atunaren arrantza-industrian aplikatu ahal izatea da. Horretarako, Innovathon Bermeok ekitaldian zehar taldeei laguntzeko behar diren baliabideak eskaintzen ditu, irabazle suertatzen den irtenbidea praktikan jartzea erraztuz". Atunaren sektoreko ideiak izan beharko dira. Historikoki kontserba industriara lotutako udalerria izanik, "Bermeok negozio eredu berriak eraiki nahi ditu, atunaren arrantza sektoreak aurre egin beharreko arazoei irtenbidea emateko, jasangarritasuna sustatuko duten produktu eta zerbitzu berriak sortuz". Aurtengoan kontu zehatz bati eutsiko diote, gainera galdera zehatz bati erantzun egin beharko diote parte hartzen dutenek: Nola lagundu sektorean legez kanpoko arrantza eta laneko abusuak minimizatzen?

Ideiak garatzeko 24 orduko egitasmoa egingo dute: azaroaren 13an, 12:00etan hasiko dira parte-hartzaileak euren ideiei forma ematen eta azaroaren 14an, igandean, 12:00etan aurkeztu beharko dituzte. Ostean, aditu talde batek eratutako epaimahai batek aukeratuko du ideiarik onena. Talde mistoak, 3 edo 5 pertsonek osatuak, eratuko direla nabarmendu dute. Lehiaketaren oinarriek aipatzen duten arabera, "diziplina askoko talde mistoak antolatuko dira, 3-5 lagunekoak. Lehendik zeuden taldeak gonbidatu nahi ditugu parte hartzera, edo banaka ere eman dezakezu izena, lehendik existitzen den bat osatzeko". 24 orduko prozesuan zehar adituen laguntza jasoko dute parte-hartzaileek. Izena emateko epea jada zabaldu du Bermeo Tuna World Capital-ek, azaroaren lehen egunera arte mantenduko dena.

Sariak

Innovathon 2021 ekimeneko saria nagusia irabazten duen taldeak "10.000 eurotik gorako saria jasoko du. Baita mentoring bat ere, "bere negozio-eredua garatzeko. Horretan, Bermeon lokal bat izango du proiektua garatzeko, eta 3.000 euroko diru-ekarpena egingo du, eskudirutan". Bestetik, euren ideia mundu zabalean hedatzeko, "Lisboako nazioarteko finalean ere parte hartuko du, Nazio Batuen babesarekin, 2022ko ekainerako aurreikusita dagoen Ozeanoen Mundu Konferentziaren esparruan".