Zorionez, asteburu honetan ez da izan inongo apurketarik. Baina Lekitto Bedarrak, Usotegi parkean kokatzen den ortu komunitarioa erabiltzen duen elkarteak, azkenaldian izandako apurketak salatu ditu. “Zikinkeria agertzeaz gain, orain gutxi hainbat kalte topatu genituen: XIX. mendeko harrizko zutabe bat bota dute, hesia puskatu dute... aspertzekoa da hala ibili izan beharra, batzuek eragiten duten suntsiketak konpontzen”, diotenez. “Usotegi denona da, lekeitiar guztiona. Eta erabilgarria da edonorentzat. Etor daitekela nahi dutenek. Baina oso tristea da batzuek nola erabiltzen duten Usotegi”, gaineratu dutenez. Hori dela eta, “apurketak egin izan dituztenei bakarrik eskatzen diegu ortu komunitarioa pakean uzteko”.

“Gertatzen dena gelditu beharra dugu”, diote Lekitto Bedarra elkartetik. “Udalari pasa diogu gertakizunen informazioa, eta espero dugu hori nahikoa izatea”, gaineratu dute. Azkenaldian izandako apurketen harira, “Usotegin dagoena apurtzeaz gain, honek aparteko lanak egitea eta dirua suposatzen digu”. Hala ere, bada ondarea errekuperatu ezin dena jada: bertan zegoen harrizko zutabe bat bota dute. “XIX. mendekoa da, harrizkoa, eta berau botatzea aperta, birrindu dute. Bazuen bere balioa, ez ondare babestu izendapenarekin; baina ez dugu ulertzen zergatik bota duten behera”. Hesia ere bi gunetan puskatu dute. “Eta parkeko sarreran zabor piloa aurkitu dugu”, azaldu dute. “Horrelako kontuak ez dira onargarriak, inondik inora”, aipatu dutenez.

Hala ere, Lekitto Bedarrako arduradunek “kalteak eragin dituztenekin hitz egiteko aukera badugu, egingo dutela”, nabarmendu dute. “Gu prest gaude berba egiteko portaera hori dutenekin”, diote, eta “ahal den neurrian egoera hauek ez errepikatzea” bilatzen dute. “Ez da botilioiaren kontuarekin lotzen diren apurketak, gauetan izaten dirna”, jakinarazi dute, “baina apurketaren egileekin hitz egiteko aukera badugu, egiteko prest gaude”. Nerabeak izan ahal direla uste dute, apurketak ordu zehatz ba-tzuetan egiten direlako, baina oraindik ez dituzten errudunak topatu.

Hala ere, azken asteotan gertatutakoak ez de elkartearen zeregina oztopatuko. “Tinko eutsiko diogu gure konpromisoari”. Auzolanean jardun da, elkarteak ekoitzen duen uzta beharrizana duten lekeitiarrei eta horien familiei ematen diete, Elikagaien Bankua eta dominikar monjen bitartez. Piperrak, tomateak, letxugak, kalabazinak, berenjenak edota patatak ekoiztu ostean, irailaren azken egunetan egin zuten banaketa, “udalerriko 80 familiari beharrezko dituzten elikagaiak emanez”.“Nekatzen hasiak gara astero topatzen dugun egoerarekin, agertzen diren: zikinkeriekin, apurketekin, egiten dugun lana zapuztuta ikustearekin... Baina ziurtasun osoz diogu lanean jarraituko dugula”.