Udalerria inguratuko lukeen eraztun berdearen proiketua osotzea epe ertainean izan liteke martxan. Santa Katalinako itsasargitik, saihesbidearen ingurunea pasata eta Arropainera arteko bidea osatu nahi du Lekeitioko Udalak. Eta zeregin honetara baliatuko ditu saihesbidearen inguruan diren 10.000 metro koadroko lursailak. Bizkaiko Foru Aldundiak egin dion lagapena ontzat eman zuten iragan den ostegunean ospatutako Osoko Bilkuran, EAJ eta EH Bilduren baiezko botoekin.

Kostata, baina azkenean lursail horiek Udalaren esku dira. Eta mugikortasuna hobetuko lukeen bideaz gain, beste 30 aparkalekuko gunea atontzea ere dute jomuga, gaur egun eraikitakoetara gehituz. "Urteak eman ditugu izapideekin, urte luzeak izan dira; baina azkenean gure egitea lortu dugu", dio Lekeitoko alkate Koldo Goitiak. Eta "saihesbide ingurutik Santa Katalinako itsasargira arte doan bidea" egitea dute orain helburu nagusia. "Orain lursailak jasoko ditugu, eta ostean proiektua idazteari ekingo diogu". Hala ere, gunea egokitzeko lanak datorren urtetik aurrera hasi daitezkeela gaineratu du Goitiak. "Lehendabizi proiektuak egin behar dugu, eta gero hasiko ginateke lanetan burubelarri", dio.

Lea ibilbidea

Izan ere, eraztun berdea Arropainera arte helduko litzateke, oizeko eta bizikletentzako bidea izanik, baina inguru horretatik Lea ibilbidearekin lotzeko aukerak aztertu nahi dituzte Lekeitioko udal agintariek. "Horrela, paseatzeko edota bizikletan ibiltzeko gune bikain bat atonduko genuke". Izan ere, horrela posible izango litzateke Lekeitioko herrigunetik bertatik Lea ibarreko udalerriekin konektatzea, Mendexa, Amoroto, Gizaburuaga, Aulesti eta Munitibarrera heltzea posible eginez. Bideak hainbat altxor ditu, babeserako-ondare moduan kalifikatutakoak edo interes turistikoa dutenak: Marierrota eraikina, Zubietako jauregia, Ospitale zaharraren aurriak, Lariz-Oleta errota, Bengoleako burdinola, etabar. Bide horrek 23 kilometroko luzeera du. GR-38 delakoaren bidetik.

Aipagarria ere bada Lekeitiok aurtengo maiatzean sinatu zuela Lea ibilbidean parte hartzeko hitzarmena. Asko eta asko dira bere egunerokotasunean bidea hau erabiltzen duten lekeitiarrak. Sinatutako hitzarmenaren bidez, Lekeitiok Lea Ibilbidearen mantenuan eta promozioan parte hartuko du", Udaletik ziotenez. "Lekeitioko Udalaren zein Lea Ibarraren asmoa kolaborazioa sendotzea da, era horretan Lekeitioko Udalak bere ekarpena egin ahal izateko azpiegitura horren mantentze eta sustapenean", gaineratu zuten. Horretarako Lekeitioko Udalak diru ekarpena egiten dio Lea Ibarrako Mankomunitateari.