Bihartik hasita eta datorren larunbatera arte, urriaren 16ra arte, Bermeoko Mareak jaialdiak bere zazpigarren edizio beteko du. Ohi legez, “tradizioa eta abangoardia” uztartuz, eta ez oso ohikoak diren emanaldiak eskainiz. Beleza Malandra Ateneo Kulturalak eta MB2000-ak antolatuta, Bermeoko Udalaren, Bermeoko Kafe Antzokiaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin, hainbat arte-diziplinatako ekimenak eskainiko ditu. Musika, filme emanaldiak, ipuin kontalariak edota irteerak, aukera ugariak izango dira.

Jaialdian “adin eta kultur ezagutza ezberdinetako pertsonak elkartuko dira, munduan zeharreko egitasmo txiki eta ederrez gozatzeko”, antolakuntzatik azaldutakoaren arabera. Eta aipagarria da prestatu diren ekimenetako batzuk doakoak izango direla. Sarrera guztiak eskuragarri daude www.bermeokokafeantzokia.com webgunean eta beharrezkoa da aldez aurretik hauek hartzea. Noski, “ekitaldi guztiek indarrean dauden osasun eta segurtasun neurriak beteko dituzte”. Taldeen artean, proposamen bereziak izango dira taulagainean, besteak beste Dream Division, Candelabre, Sieben, Kabbalah edota No Sanctuary.

Mareak “hitzaldi aktibo” batekin hasiko da, bihar egingo dena. Eta arkeologia izango da gai nagusia. Ibilaldi “interesgarria” izango da, Bermeotik Katilotxu mendira arte helduko dena. Busturialdeko hainbat azternategitan ibilia den Juan Carlos Lopez Quintanaren eskutik. Doako irteera izango da, 9:30etik aurrera. Urriaren 13an, aldiz, Naita Produkzioak-en eta Nerea Ariznabarreta aktoresaren eskutik, Mito, izaki eta kondairak helduei zuzendutako ipuin kontalaria izango du Nestor Basterretxea aretoan.Mito, izaki eta kondairak Sarrera doakoa izango da. Hurrengo egunean, urriaren 14an, lehen musika-emanaldia izango da Frantziskotarren Klaustroan, Jorge Garridok Hariak eta teklakSarrerek lau euroko prezioa izango dute.

Asteburuari behar bezalako hasiera emateko, urriaren 15ean, ostiralean, hainbat ekintza programatu dituzte. Besteak beste, Kurtzion, Dream Division proiektua ezagutzeko aukera izango da. Sintetizadoreen bitartez, istorioak kontatuko dizkigute. Sarrerak sei euroko prezioa izango du. Bestalde, iluntze partean -20:30etan- Iker Piris tolosarrak emanaldia eskainiko du. Inguruan dugun “bluesman onenetarikoa”, Blues musika ezagutzen izenburupekoa estilo honen nondik norakoak jorratuko ditu.

Asteburuan

Larunbatean, jaialdiaren azken egunean, Nestor Basterretxea aretoan zine foruma izango da. Antzinakoarekiko loturak artearen bidez izenburupean, bi dokumental ikusteko aukera izango dute bertara hurrerartzen direnek. Sarrera doakoa izango da, 12:30etan hasiko delarik emanaldia. Eta arratsalderako, eta Bermeoko Mareak jaialdiari behar bezalako agurra emateko, musika izango da nagusi. Lehendabizi Beleza Malandra ateneona izango den Candelabre hirukotearen kontzertuarekin. Sarrera 6 euroko kostua dute eta 18:30etan hasiko da. Eta ostean, eta Kafe Antzokiko agertokian, beste hiru kon-tzertu izango dira 22:00etik hasita. Taldeak Sieben, Kabbalah eta No Sanctuary izango dira. Azken honetarako sarrerek 12 euroko prezioa izango dute.

Datuak

Arte-disziplina ezberdinak. Beleza Malandra Ateneo Kulturalak eta MB2000-ak -Bermeoko Udalaren, Bermeoko Kafe Antzokiaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin- antolatzen duten ekimenak “abangoardia eta tradizioa batzen dituzten hainbat arte-diziplinatako ekimenak eskainiko ditu”.

Doakoak. Antolatutako zenbait ekitaldi doakoak izango direla jakinarazi dute antolatzaileek. Hala ere, izena eman beharko da. Sarrera guztiak eskuragarri daude www.bermeokokafeantzokia.com webgunean.

Jaialdia. Zazpigarren edizio beteko du Mareak jaialdiak, bermeotarrek “munduan zeharreko egitasmo txiki eta ederrez gozatzeko”.