1998tik indarrean dago Hiri Antolamendurako Plan Orokorra (HAPO) berritzea du helburu Muruetako Udalak. Eta horretarako 157.300 euroko aurrekontua duen partida onartu berri dute. Udalerriaren etorkizun urbanistikoa marraztea izango dute jomuga, beti ere parte-hartzea gako nagusia izanik. Toki-administraziotik zehaztu dutenez, "lantze-prozesuan lehentasuna emongo jako herritarren parte-hartzeari, mekanismo integratzaileekin, hala nola, auzoen foro espezifiko bat osatuko da, besteak beste".

"Idazketak Ingurumen-iraunkortasuna kontutan izango dau, baita generoa eta berdintasuna ere, irisgarritasun unibertsalari buruzko araudia errespetatuko du eta herriko bideen eraginari erreparatu beharko dio". Hala ere, prozesuak pausoak eman beharko ditu, azken-onarpenera heldu arte. Aldez aurretik ere, gaur eguneko diagnostikoa egin behar da. Eta idazketa-prozesuan herritarren esku-hartzea bermatzeko mekanismo zehatzak ezarriko dituzte. "Etengabeko informazio-, prestakuntza-, azterketa- eta partaidetza-prozesu gisa bideratzen da, eduki irekien, ondorioen eta iri-tzien gaineko kontsulta eta eztabaiden bidez", azaldu dutenez. Honen irizpideen artean, nabarmentzekoa da prozesuak biztanleriaren eta eragile soziopolitiko, kultural, akademiko eta/edo ekonomikoen aniztasuna hartuko dituela kontuan.

Parte-hartze prozesuari dagokionez, "Muruetan bereziki baloratzen da auzo guztien integrazioa, eta, beraz, auzoen berariazko foro bat eratuko da". Horretaz aparte, "komunikazio eta informazio bide eta tresnak etengabe ezarriko dira prozedura osoan zehar, irisgarritasun eta gardentasuna printzioetan oinarrituak. Adostasun-maila handia lortu nahi da, ez bakarrik herritarren artean, baita maila politikoan eta instituzionalean ere". Julen Karrion alkateak azaldutakoaren arabera, "Muruetako bizilagunen egungo eta etorkizuneko premien araberako antolamendua bermatzeko, funtsezkoa da danok parte-hartzea HAPO egiteko prozesuan. Prestatze-prozesu garden eta adostu baten aldeko apustu sendoa egiten dugu. Muruetaren beharrak eta asmoak kontuan hartuta kudeatu gura dogu herria. Gainera, ez dogu ahaztu nahi geure hizkuntza, euskara, paper garrantzitsua izango dauena, genero ikuspegia bezala ".

Datozen urteetan bete beharreko izapide luzea izango da Hiri Antolamendurako Plan Orokorra, bai Muruetako Udala prest da lan honi eusteko. Eta horretarako, aukera berdintasuna bermatzeko, "hainbat mekanismo izango dira" herritarren esku: informazioa sare sozialetan argitaratzea, prozesuari buruzko dokumentazioa udalaren webgunean deskargatzeko aukera eskaintzea, triptiko/dibulgazioko liburuxkan informazioa, bilerak, hitzaldi-solasaldiak, ebaluazio-tailerrak, hitzaldi irekiak edota muruetarrentzako aldez aurretik eskatutako hitzorduak...