Nerabe eta gazteei erronka batean parte hartzeko gonbita egin die Bermeoko Arrantzaleen Museoak, Eizu Erretratue ekimena. Eta gaurtik izango da martxan. Lehiaketaren muina Fede Merinoren Bermeo 1974-1976, argazkilariek orain zenbait hamarkada egindako mostra, non orduko bizimodua erakusten zuen. Bada, 15 eta 25 urte bitarteko parte hartzaileek hauek irudikatu beharko dituzte.

Antzinako bizitza gaur egunera ekarri beharko dute, portuko iraganeko kontuak gaur egunera ekarriz. Irudiak sare sozialetara igo beharko dituztela jakinarazi du Arrantzaleen Museoak -Instagram sare sozialera, zehazki- eta urriaren 5 eta 31 bitartean igo ahalko dira. Etiketatu ostean -@arrantzaleenmuseoa- eta hashtag hauek erabilita -#EHDS, #DenokParte eta #ondareabizkaia-, azaroak 2an “atsegin dut gehien dituzten hiru argazkiak aukeratuko dira eta azaroak 5a baino lehen jakinaraziko da Arrantzaleen Museoko Instagram kontuan epaimahaiak erabakitako irabazleen sailkapena”. Hiru izango dira sariak: Bermeoko dendetan erabiltzeko 100, 50 eta 25 euro jasoko dituzte irabazleek.