Bermeoko Udalak datozen egunetan ospatzekoak ziren Andra Mari eta Santa Eufemia jaiegunetan erentzukizunez jokatzeko eskatu egin die herritarrei. Aurten, bigarren urtez jarraian, ez dira jaiak ospatuko koronabirusaren pandemiak eragindako egoera dela eta.

Irailaren 7tik 16ra bitartean, Arrantzale egunean (irailak 9) eta asteburuan bereziki, Udalak neurri zorrotzak hartuko ditu egoera kontrolatzeko. Izan ere, Udalak koordinazio bilera izan zuen atzo Ertzaintza eta Udaltzaingoarekin hartu beharreko neurriak zehaztu eta antolatzeko.

Bi estamentuekin elkarlanean, indarrean dauden osasun neurriak behar bezala betetzen direla egiaztatuko da. Hori gauzatzeko, Udalak, egunotarako udaltzaingoaren zerbitzuak indartu egingo ditu eta kalean presentzia eta kontrola handituko dute.

Bermeoko alkate Aritz Abaroak azpimarratu duenez, "guztion erantzukizuna da tamalez ospatuko ez diren jai hauetan jende pilaketak saihestu eta osasun neurriak errespetatzea. Garrantzitsua da jai girorik ez sortzea eta horretarako eragile guztiei arduraz jokatzeko deia luzatzen diegu. Elkarlanean jardun behar dugu, bide honetan guztiok elkarrekin goazelako, kolaborazioa funtsezkoa da ".

Bukatzeko, irailaren 7tik 16ra bitartean, Udalak ez du inolako ekimenik antolatu eta ez du baimenik eman ekitaldiak edo antzekoak burutzeko eta herritarren lankidetza eskatzen du, bide publikoetan edo leku itxietan edozein pilaketa saihesteko. "Boteiloia" egitea guztiz debekatuta dagoela eta ostalaritzako establezimenduei ezarritako arauak zorrotz bete behar dirala gogorarazten du. Zabor-bilketa eta Bermibusa zerbitzuak ohiko moduan eskainiko dira, ez horrela jai egunetan gauzatzen diren eran. Aipatu zerbitzuak beraz, normaltasunez arituko dira.