Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren mendeko den Urdaibai Biosfera Erreserbaren Zerbitzuak ibilgailu elektrikoentzako karga publikoko lehenengo puntua ezarri du Urdaibai Biosfera Erreserban, Busturiako Madariaga dorretxean kokatutako Ekoetxea Urdaibairen eraikinaren aparkalekuan. Zehaztu dutenaren arabera, "Iberdrolaren azpiegitura 2x22 kW-koa da, erabilera librekoa eta ibilgailu elektrikoen erabiltzaile ororen esku egongo da eguneko 24 orduetan. Bi auto birkargatu ahal izango dira aldi berean, hiru ordu inguruan". Aipagarria da berau dela Busturialdeko eskualdean ezarri den lehen errekarga-puntua.

Energia-iturri garbietatik sortuak diren eta jatorri berriztagarriaren ziurtagiriak dituzten energia % 100 berdearekin birkargatuko ahal izango dira ibilgailuen bateriak. "Birkarga-puntu berria Iberdrolaren birkarga publikoko app-ean egongo da. App horretan, ibilgailu elektrikoak kargatzeko leku guztien informazioa jasotzen da (Iberdrolarenak nahiz beste operadore batzuenak). App-aren bitartez, kargagailua geolokalizatzen da, denbora errealean duen erabilgarritasuna egiaztatzen da, eta, erabilgarri badago, mugikorretik erreserbatu eta ordaindu daiteke", Urdaibai Biosfera Erreserbaren Zerbitzuko arduradunek azaldu dutenez.

Pauso nabarmena eman du horrela Ekoetxea Urdaibaik eskualdeko mugikortasun jasangarrirantz, "Europako Batasunak energia garbia europar guztientzako" arau-multzoak zehazturiko helburuak lortzeko bidean". Europa mailako araudi horren bidez, "2015eko gailurrean energia-eredu jasangarriago baterantz hartutako konpromisoak betetzeko bide-orria definitzen da. Urdaibaik erronka ezarri dio bere buruari kalitatezko mugikortasun-eredu eraginkorragoa eta jasangarriagoa lortzeko, eta, aldi berean, eskualdearen garapen sozioekonomikoari lagundu, ingurumenaren kalitatea hobetu eta Urdaibai Euskadin eta Europan integra dadin bultzatzeko".