Hainbat hilabeteetan zehar lanean aritu ostean, Markina-Xemein eta Berriatua arteko BI-633 errepidea hobetzeko obrak "uztailaren 22an amaituko" direla jakinarazi dute Bizkaiko Foru Aldundiko Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako Sailaren iturriek. "Astebete lehenago, jarduera konplexu honek iraun duen bitartean trafikoa erregulatzen aritu den semaforoa kenduko" dela ere ezagutarazi dute. Jarduera hau garrantzitsua izan da, "ia bi kilometroko errepide tarte honetan ikusgarritasuna murritza baitzen eta bazterrik gabea", zenbait tarteetan. "Tarte batzuetan, gainera, ez zegoen leku nahikorik bi ibilgailu astun gurutzatu ahal izateko".

Plazakolako lotunea da berebiziko garrantzia duen gunea, izan ere eskualdeko errepide-sarean zailtasun nabarmenak ematen zituen ingurunea zen. "Jarduera honek zailtasun bat gehiago ere gainditu behar izan du, Plazakolako zubi historikoa handitzean". Horretarako, hasiera batean zubiaren kanpoko perimetroa "berrezarri behar izan da, eta, ondoren, altzairuzko habezko egitura misto batekin handitu", diotenaren arabera.

"Era berean, zubia baino lehen (Berriatuaranzko noranzkoan) hegalak eraiki dira, plataforma handitu ahal izateko, errepidearen azpitik pasatzen den ur-kanalean eragin gabe". Izan ere, Lea-Artibai eskualdeko bide-sarean oso garrantzitsua da Markina-Xemein eta Ondarroa -eta baita Lekeitio ere- lotzen duen errepidea. Eta Ondarroako porturako sarbidea den heinean, hainbat ibilgailu astun -kamioiak, autobusak...- hartzen dituen puntua da. Zenbait puntuan, tamaina honetako bi ibilgailuk arazoak izaten zituzten euren joan-etorrietan. Lanon bitartez arazo hauek desagertuko direla espero dute.

Plataforma handitzea

Markina-Xemein eta Berriatua arteko errepideko obrak bi urteko iraupena izan du, eta, horretarako, Bizkaiko Foru Aldundiko Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako Sailak 4,2 milioi euroko inbertsioa egin du. Izan ere, 2019ko bigarren hiruhilabetekoan hasi zituzten lehen lanak egiten. "1.700 metroko trazaduran zehar, plataforma handitu egin da, mozketak eta betelanak eginez. Aldaketa horiek inguruan integratuta egongo dira, landaretzaren bidez. Tartearen amaieran, Berritua inguruan, espaloi bat egin da, Berrituan dagoen espaloia Amaioako bidegurutzearekin lotzeko. Sarbideak berrantolatu, autobus geltokiak hobetu eta bidegurutzeak optimizatu dira", Aldundiko arduradunen esanetan, "kasu batzuetan norabidea aldatzeko ere erabilgarriak izan daitezen. Azkenik,seinaleztatzeko eta balizatzeko sistemak egokitu eta hobetu dira".