Madalen egunaren eta Andramarien ordez kultur programa zabala Bermeon

Udako festarik ez da izango, eta hauen ordez zenbait egitasmo izango dira: Jazz jaialdia, Goresfest, Liburu eta diska azoka...

01.07.2021 | 00:47
Nahiz eta osasun egoerak hobera egin duen, Madalen egunean jendetzak ekiditea du helburu nagusi Bermeok.

Iazkoan egin zuten lehen aldiz. Eta emaitza ikusita –Elantxobeko portua hutsik, itsasontzirik ez Izaro irla parean, arazorik ez Bermeoko portuko kaleetan...– beste behin ere tankera berekoa izango da aurtengo Madalena eguna. Bermeoko Udalak beste behin beteko du uztailaren 22ko urteroko tradizioa, Izaro berea dela adierazteko, baina ez da festa girorik izango. Nahiz eta koronabirusaren egoerak hobera egin duen azken asteotan, herritarrei zuhurtziaz jokatzeko deialdia egin diete. Eta oraingoan ere, toki-administrazioak irailan zehar ospa-tzen diren Andra Mari eta Santa Eufemia jaiak ere bertan behera utziko dituela jakinarazi du. Jaiegunen ordez programazio zabala izango da uda partean, kulturak protagpnismo nabarmena hartuz.

Iazkoan neurri bereziak hartu zituzten Busturialdeko lau udalerrik Madalena egunaren harira. Bermeo, Elantxobe, Mundaka eta Ibarrangeluk neurri bereziak hartuko zituzten. Besteak beste, Elantxobeko Udalak lurreko eta itsasoko sarrerak itxiko zituen, herrira sartzeko baimen bereziak ezarriz. Bizkaibus zerbitzuak ere ez zuen Elantxoben geldialdirik egingo. Ibarrangeluk, bestetik, herrirako sarrerak itxiko zituen. Mundakak, antzerako neurria hartu zuen, "lurreko eta itsasoko sarrerak" kontrolatu zituen. Eta Bermeok, azkenik, tabernetako, terrazetako eta txokoetako aforoak eta bertako portaerak zorrotz kontrolatuko zituen; eta udatzaingoek kontrol bereziak egingo zituen 21 gauean eta 22an egun guztian zehar ere. Aurtengoa ezberdina izan daiteke, baina jendetsua ez dela izango nabarmendu dute. Udalerriek beste behin eskatuko diete "erantzukizunez jokatzeko".

Hala ere, aurten ere, jaietako kartel lehiaketa abian jarri da eta jaietako liburuxka ere argitaratuko duela aurreratu dute. Hori horrela, udarako kultur-egitarau zabala prestatu du Udalak: kaleko zinea, Jazzber jaialdia, Liburu eta Diska Azoka, Arrantzaleen Museoko udako tailerrak, eta Nazioarteko Musika Astea izango dira "gozagai", besteak beste. Bada, zenbait emanaldi errekuperatuko dira, hala nola hasia den Jazzber, Bermeoko Jazzaldia bere XXIII. ekitaldian. Alex Monfort Trío-k, Emma NagyOuintet-ek eta Haizea Martiartu Quartet-ek plazaratuko dute beraien errepertorioa Kafe Antzokian hiru ekitalditan uztailaren 2ra arte. Ildo beretik, uztailaren 9 eta 10ean, Gorefest ere bueltan da, fantasiazko eta beldurrezko XX. zinemaldia ospatuko da. "Metraje laburreko 9 filme izango dira ikusgai Nestor Bastarretxea aretoan".

Antzerkia, liburuak...
 

Espazio berria ere izango du udako Bermeoko kultur-programazioak. "Nabarmentzekotzat" jo dute San Frantzisko herri ikastetxeko patioan burutuko den "umeentzako kale antzerki emanaldia. Markeliñeren Chef Nature ikuskizunak txundituta utziko ditu txikienak baina erne; edukiera 100 lagunekoa izango da" eta. Horrez gain, Bermeoko Liburu eta Diska Azoka izango dugu uztailaren 16tik 25era Lameran. "Iaz, covid-19aren erruz, martxotik udako datetara mugitu behar izan zen eta aurten ere udan ospatuko da". Kaleko zineak ere beste behin hartuko du Goiko plaza. "Hiru emanaldi, ehun jesarleku eta drama argitsu, komedia bizi eta haurrentzako generoak ikusgai udako gau magikoetan. Alde zaharrari behar duen bultzada emateko Eskandinaviako rock-aren doinuak zabalduko dituen herriko Addar taldeak ere kontzertua eskainiko du Goiko plazan bertan hilaren 24ean", diotenez.

Abuztua ere "indartsu" dator, Udalaren arduradunen esanetan. Nazioarteko Musika Astea daprotagonistetako bat. "Hilaren 2tik 6ra, Santa Maria elizan eta noski, edukiera kontrolatzeko gonbidapenekin, Aba Taano boskote ugandarra, Banduoneando, Alos Quartet, Josu Okiñena eta Pablo Martos eta Elena Arbonies eta Amaia Zipritia arituko dira ekitaldi jendetsu honi behar bezalako estreinaldi berria emateko". Zirku tailerra ere izango dugu Talan hilaren 11-n, "izena eman beharko da aurretiaz eta tailerra txoko desberdinetan burutuko da (akrobazia, aereoak, ekilibrioak, malabareak.... ) begiraleen kontrolpean noski". Dron tailer ere antolatu du Udalak. Azkenik, Trapu Zaharra taldearen Turisteando kale antzerkia ere izango da ikusgai San Frantzisko Herri ikastetxeko patioan abuztuaren 25ean.

noticias de deia