Indarberrituta, iazkoan bertan behera utzi behar ostean, bueltan da Lekeitioko kale arteen jaialdia, Kaleka. Mundu zabaleko jatorri ezberdinetako 12 ikuskizun izango dira udalerrian ikusgai uztailaren 9an, 10ean eta 11n. Antolatzaileek adierazi duten moduan, "aforo mugatua" izango dute emanaldiek, beste behin ere hiru izango direlarik lan-lerroak: Kaleka ofiziala, Kaleka Scratch delakoa, non sorrera prozesuan diren proposamenak izango diren ikusgai, eta Kalekaz Blai, herritarren parte hartzeari bideratuta. Abaroa jauregia, Eskola eta plaza Baltza dira Lekeition zehar hautatutako eszenatokiak.

"Edizio honetan jatorri ezberdineko 12 ikuskizun izango ditugu: besteak beste, Kolonbia, Txile, Katalunia, Gaztela eta Leon, Valentziar Erkidegoa, Madril eta, noski, Euskal Herritik etorritako konpainia eta kolektiboak", azaldu dute antolatzaileek. Formatuak ere, ugariak izango dira, eguneko ordu ezberdinetan gainera: dantza, zirkua, clown, keinu-antzerki, esperimentazio espazioa edota piroteknia ikuskizunak ikusi ahal izango dira. "Indarberrituta" iazkoan Kaleka ospatzeari uko egin ostean, 31. edizioa hala ere ezohikoa izango dela nabarmendu dute, osasun neurriak zuzen bete beharko direlako, zorroztasun osoz. "Lekeitioko Nazioarteko kale arteen jaialdiaren oinarri nagusietako bat parte-hartzea da, artista eta ikusleen arteko harremana bultzatuz. Argi dago, aurtengoan baldintzatuta ikusiko dela hau, baina modu desberdinak landuko dira ikusleak ere ikuskizunen parte sentiarazteko aukeratuak izan diren hiru guneetan: Abaroa jauregiko lorategia, plaza Baltza eta Eskolako patioa", diotenez. Sarrerak puntu horietan jaso ahal izango dira, ikuskizunak hasi baino bi ordu lehenago.

Hiru atal ezberdin

Ohi legez, hiru formatu ezberdin izango ditu Kalekak. Lehena, atal ofiziala, "non formatu ezberdinak lantzen dituzten konpainia eta kolektiboen lanak batzen" diren. Bertan izango dira Tiritirantes Circo Teatro, David Moreno Cia. & Cristina Calleja, Mireia Miracle Company, Producciones Sansegundo, Mortelo & Manzani, Teatro La Cosa, Nuc, Haatik Dantza Konpainia, Mr Copini eta Visitans konpainiak. Bigarrenari dagokionez, Kaleka Scratch delakoa, "garapenen edo sorrera prozesuan dauden lanak batuko ditu, kultur agente, artista, ikusle eta abarren arteko sormenezko elkar trukaketa garatzeko espazioak" eskainiko ditu. Edizio honetan Madrilgo Máximo Óptimo konpainiaren Mínimo Pésimo ikuskizuna izango da ikusgai.

Eta hirugarren atala, azkenik, Kalekaz Blai sekzioa izango da, "herritarren parte hartzeari bideratutako ekintzak proposatzen" dituena. "Aurten Urdaibaiko Txitatoki Zirko Eskolaren parte hartzea izango dugu, zirku tailer irekia proposatuz. Bost urte daramatza Urdaibain zirkua irakasten eta oraingo honetan bere ikasleak izango dira erakustaldia egingo dutenak. Ostean, denok probatu ahal izango ditugu zirkuko teknika", azaldu dutenez.