Herriko arima ezaguztarazteko helburuaz, itsaroarekin lotutakoa, Bermeoko Udalak gida turistiko berria kaleratu du. Nahiz eta "euskarri teknologikoz inguratuta" gauden, ohiko tankerako publikazioa egin nahi izan du toki-administrazioak, 4.000 ale banatuz interesdun guneetan, eta batez ere hurbileko bisitariak harrapatzeko gogoz atera dutena da, nahiz eta gero sare sozialetan ere zabalduko duten. Izan ere, eta koronabirusaren egoeragatik, aurtengo udan inguruko bisitariak etorriko dira Bermeo eta Urdaibaira, eta Udalak hauek hartu nahi ditu.

"Promoziorako antolatzen diren ekimenetan presentzia izateko eta batez ere internet-ek eskaintzen digun erabiltzaile esperientzia ez dutelako guztiz barneratu" atera du Bermoko Udalak gida berria, hainbat ataletan zatitutakoa. Baina batez ere, "herriko baliabide turistikoak eta sektoreko enpresen eskaintza zabaldu aldera" atera dute gidaliburu turistikoa. "Ildo beretik, turismo-gidaliburuak herria era aktiboan ezagutzeko gonbidapena luzatzen dio bisitariari, jaiak, gastronomia, ibilbideak... bisitari aktiboa du ardatz, haren parte-hartzea sustatuz, alegia, Bermeorekin turista gisa izan dezakeen konpromisoa landuz. Horrez gain, gure nortasunari lotutako gonbidapena ere luzatzen dio atzerritarrari. Bizi gure erara, lan egin gure erara, disfrutatu gure erara, ezagutu gure erara, jan gure erara dira besteak beste erabiltzen dituen eslogan deigarriak" ditu eskuliburuak.

Ezaugarri hauek guztiak Bizi Bermeo markari lotuta daudelarik. "marka horrek, gidaliburuaz gain, web orrialde eguneratu zabal eta sakona eskaintzen du, urteko garai bakoitzari eta bezero potentzialentzako eskaintzari egokitua. Gainera, markaren ardatz nagusiak borobiltzeko, laster sare sozialak jarriko dira abian, uneko eskaintza ezagutarazten laguntzeko", diotenez. Ondarea edota gastronomia arkitektura edo herriko begiratokiei buruzko informazioa izango du eskura interesdunak. Baita Gaztelugatxeko San Juan, edota herrian dauden turismo-enpresak ere, eguneratutako informazio zehatza emanez eta QR kodeen bitartez informazioa zabalduz.