Establezimenduen barne edukieraren erabilera %50 murriztuta, Bermeoko ostalariek terrazak indartu behar izan dituzte. Hala ere, badiera batzuek aire libreko txokorik ez dutenak. Hori horrela, Bermeoko Udalak terrazak jartzeko aukera desberdinak onartu zituen pasa den asteko Osoko Bilkuran, “alde zaharreko ostalaritza lagundu asmoz”.

Egun indarrean dagoen ordenantzaren arabera, terrazek, establezimenduaren fatxadaren paraleloan dagoen erabilera publikoko espazioa okupatu ahal dute soilik. Udalak “salbuespenezko neurriak onartzearen beharra ikusi du terrazak kanpoan jartzeko aukerarik ez dutenei. Horrela, ostalaritzako establezimenduen barruko espazioaren erabileraren murrizketek iraun bitartean, alde zaharreko establezimenduei araudiak finkatutako eremutik kanpo terrazak jartzeko aukera emango zaizkie”.

Hala ere, baimenak “aldi baterakoak izango dira eta espazio horiek erabiltzean, ostatuek, mahaien arteko distantzia eta ordutegiari buruzko araudia errespetatu beharko dute. Eremuari dagokionez, Arresi, Lope Diaz de Haro eta Nardiz tar Benantzio kaleak izan ezik alde zahar osoan” ezarriko dela gaineratu dute. Horrez gain, establezimenduetatik gertu dauden plaza edo espazio publikoetan terrazak jartzeko baimena luzatuko da, baita galtzadetan jartzeko ere, “baldin eta ibilgailurik ez dauden kaleak badira”. gehienez, sei mahai jarri ahal izango dituzte ostalariek, neurri guztiak behar bezala beteta.