Markina-Xemeingo Udalak Irisgarritasun Plana onartu du asteon ospatu den ohiko Osoko Bilkuran. Egitasmo "berria eta osoa da honakoa, lehendik zegoena oinarri hartuta eta eguneratuta landu dena. Bertan jaso dira Markina-Xemein %100 irisgarri izateko hartu beharko liratekeen neurriak", toki-administrazioko arduradunek diotenaren arabera. Egitasmoak helburu nagusi bat du: udalerrian antzemandako gabeziei aurre egitea. Eta jada hasiak dira zenbait egokitzapen egiten, hala nola Esperantza eraikineko igogailuari dagokionean.

Horretarako, "gaur egun irisgarritasunari lotuta herrian dauden gabeziak eta zer hobetuak detektatu dira, bai bide publikoan, udal eraikinetan eta baita garraioari dagokionean ere, eta gabezia horiek konpontzeko hartu beharreko neurriak proposatu dira". Hainbat dira dituen egokitzapenak, udalerrian inpaktu zuzena izango dutenak. "Plan hau gida bat izango da aurrera begira eta datozen urteetan, irisgarritasun arloan nondik jo jakiteko eta aurrera begira lehentasunak finkatzeko", jakinarazi dutenez.

Planari lotuta, "Udalak hartu duen lehen neurria Esperantza eraikinean igogailua jartzea izango da. Izan ere, gero eta erabilpen handiagoa duen eraikina da honakoa; besteak beste, bertako areto nagusia gero eta gehiago erabiltzen da hitzaldi, proiekzio eta bestelako kultur ekitaldietarako. Hori ikusita, eraikinaren irisgarritasuna hobetzea erabaki du Udalak". Lehendik aipatutakoaren arabera, 12.000 eurotik gorako inbertsioa egingio dute horretarako. Eta nahiz eta oraingoan onartu duten, aldez aurretik ere Udalak zenbait pauso garrantzitsu eman iuzan ditu irisgarritasunaren alorrean. Bai espacio publikoari dagokionez, eta baita gune pribatuei ere. Izan ere, martxoan izandako beste Osoko Bilkura baten, eta hainbat kerditu-aldaketari baiezkoa ematez gain, "irisgarritasuna sustatzen duten obretan %90eko hobaria aplikatzea onartu" zuten. "Hobari hori aplikatuko da aldez aurretik zeuden eraikin edo eraikuntzetan oztopo arkitektonikoak kentzea dakarren edozein eraikuntza, instalazio edo obragatik, bai eta aldez aurretik zerbitzu hori ez duten etxebizitzaeraikinetan igogailua jartzea dakarren edozein eraikuntza, instalazio edo obragatik ere. Besteak beste, bainuontzia kendu eta dutxa jartzeko obretan aplikatuko da hobaria".

Bestetik, aste honetako plenoan ere diru-laguntzen Plan Estrategikoari eman zioten onarpena. Planaren indarraldiaren hiru urtekoa izango da eta Markina-Xemeingo Udalak honako arlo hauetako diru-laguntzak finkatu ditu: "Kultura, Aisia, Kirola eta Gizarte arloa; Euskara; eta azkenik, herriko jaiak. Herriko kultur, kirol eta gizarte arloko elkarteei euren ohiko programazioetarako dirulaguntza izendunen prozedura aplikatuko du Udalak, Udalaren aurrekontu orokorreko gastuen egoera-orrian zehaztuta zein elkarteri zenbateko diru-laguntza emango zaion eta zertarako. Hitzarmenak izango dira diru-laguntza horiek bideratzeko tresna". Behin plan estrategikoa Osoko Bilkuran onartuta, talde guztiei bidaliko zaie eta epe bat zehaztuko da "takde bakoitzak eskaerak egiteko. Euskara arloko diru-laguntzei dagokienez, Euskara ikasteko zuzeneko laguntzak eta Euskararekin lotutako jarduerak egiten dituzten erakunde publiko edo pribatuen-tzako zuzeneko laguntzak emango ditu Udalak. Amaitzeko, jaien arloan, Karmen jaiak, San Migel jaiak eta auzoetako jaiak mantentzeko eta sustatzeko ildo nagusiak zehaztu dira planean, herritarrek festen antolaketan parte hartu dezaten bultzatuz Udaletik".