Bermeoko tren geltokia eraberrituko dute

151.000 euroko kostua izango dute hezetasun-arazoak konpontzea xede nagusi dituzten lanek

14.05.2021 | 01:03
Bermeoko tren geltokia hobetzeko proposamena plazaratu du Eusko Trenbide Sareak.

Eusko Jaurlaritzaren Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren esku dagoen Euskal Trenbide Sarea erakunde publikoaren kontratazio-mahaiak lizitaziora atera ditu Amorebieta-Bermeo adarreko Bermeoko tren geltokia eraberritzeko lanak. "Bermeoko terminala Santamañe kaleari dagokion espaloiaren mailapean dago, eta ez dago isolamendurik lursailaren eta geltokiko paramentuen artean. Egoera hori dela eta, hezetasun-iragazketak ohikoak dira". Egoera honi amaiera nahi eman diete lanekin. Lakuako Gobernuak 151.000 euroren truke atera du lizitazioa (BEZ barne) eta exekuzio epea 75 egunekoa izango da.

"Geltoki horretan egin behar diren lanek hau egitea eskatzen dute: espaloia altxatzea komunen inguruaren eta terminaleko atariaren gainetik, hormigoizko egituraren saneamendua eta iragazgaiztea", besteak beste. Hala ere lanek beste hainbat elementu hobetzea ekarriko dute, hala nola "tren geltokiaren akaberetako elementuak jartzea, horien artean espaloia birjartzeari dagozkionak, leiho-ertzak, euri-uren erretenak, eta zorrotenak eta altzairu herdoilgaitzezko baranda bat instalatzea babeserako hesi gisa", Euskal Trenbide Sareak erakundeko arduradenek diotenaren arabera. Lanek ez dute trenen joan-etorria baldintzatuko, eguneroko zerbitzua ohiko moduan emango baitute eta erabiltzaileen sarrera ez dute etengo.

Santamañe kaleko farolen zimenduekin kontaktuan dauden paramentu bertikalak eraistea ere aurreikusten da, "zimendu horiei behar bezala eusten zaiela bermatuko duen errefortzu bat instalatzeko eta paramentu bertikalak birjartzeko, horien artean kamera bat eta kontaktu bidezko iragazketak saihestuko dituzten zimenduak sortuz". Azkenik, "lanak egin aurretik, sarbide eta nasa inguruaren babesa egingo da, pertsonak eta elementuak babesteko", eta lana dirauten bitartean inolako ezbeharrik ez gertatzeko. Lanek "bi hilabete eta erdiko iraupena izango" dutela jakinarazi dute"eta ezin izango dute erabiltzaileentzako sarbiderik eten, ezta trenbideko trafikoaren ohiko garapenik ere". Bidaiarien joan-etorriarekin bateraezinak diren zereginak "gauez egin beharko" direla argitu dute, azkenik.

noticias de deia