Iazkoan ez zen egin, baina aurtengoan udarako boluntario programa egingo du Urdaibai Bird Centerrek, zehazki ekainaren 1etik irailaren 15era bitartean, hilabete osokoak edota hamabost eguneko txandetan. "Boluntariotza-programa honen helburua pertsonak prestatzea da, ingurumenarekin eta naturako turismoarekin lotutako arloetan esperientzia har dezaten eta, horrela, ingurumen-hezkuntzaren, ekoturismoaren eta ikerketaren arloan gaitasunak gara ditzaten", Gautegiz Arteagako ornitologia zentroko arduradunek diotenez. Izena emateko epea zabalduta, maiatzaren 20ra arte izango dela aurreratu dute.

Txanda bakoitzeko hiru pertsona baino ez dira onartuko, ekaineko lehen egunean hasiko den eta irailaren 15ean amaituko den programan. Eta boluntarioek lan hauek beteko dituzte: "ingurumen-hezkuntza eta Urdaibaiko natura-baliabideen dibulgazioa, bisitariei informazioa eta arreta emateko jarduerak, padurako hegaztiak behatzeko eta interpretatzeko jarduerak, hegaztien jarraipen eta monitorizazio-proiektuetan parte hartzea edota habitataren kudeaketarekin lotutako proiektuetan parte hartzea. Beraz natura eta turismoa uztartuko dute, garai oso berezian, gainera, zeren mendeetan lehenengoz jaiotzear da Urdaibaiko lehen arrano arrantzalea. Maiatzaren amaierarako iragarri dute ornitologoek bere jaiotza, eta udako asteetan Urdaibaiko hezeguneak izango dira bere mundua, nahiz eta ostean Afrikarako migrazioari ekin beharko dioten gaur egun dauden bikoteak -Roy eta Landa, arra eta emea-. Egun, hiru arrautza ditu bikoteak. Berreskurapen proiektua oso garrantzotsua da zentroaren egunerokoan, bai naturaren ikuspegotik eta baita dibulgaziorako. Izan ere, eta nahiz eta koronabirusak egoera nahiko zaildu duen, eskola programa berezia garatu izan da.

Betebeharrak

Boluntarioak hautatzeari dagokionez, Urdaibai Bird Centerrek zenbait aspektu izang ditu kontutan. Hauen artean, "zergatik parte hartu nahi den, esperientzia eta ezagutzak ornitologian, ekologian eta ingurune naturalean, jendearen arretako esperientzia, hizkuntzen ezagutza (euskara, ingelesa, frantsesa) eta Urdaibaiko Biosfera erreserbako natura-balioei buruzko ezagutzak izatea" izango dira. Txandak, bestetik, hamabost egunekoak edo hile osokoak izango dira. Bestalde, "kanpainan parte hartzen duten pertsonek Urdaibai Bird Centerren instalazioetan ostatu hartzeko aukera izango dute. Mantenua eta joan-etorriak boluntarioaren kontura izango dira". Azkenik, "gure zentroaren inguruan, gainera, aparteko edertasun- eta berezitasun-lekuak bisita" daitezkela jakinarazi dute: "Santimamiñeko haitzuloa, Ogoñoko kostaldeko itsaslabarrak, Laidako hondartzak, artadi kantauriarra eta landazabal atlantikoko paisaiak", besteak hainbat leku ikusgarriren artean.

"Interesdunek erantsitako inprimakia bete beharko dute", www.birdcenter.org webgunean eskuragarri dagoena. Gautegiz Arteagako ornitologia zentroko boluntariotza programan izena emateko epea, berriz, "2021ko maiatzaren 20ean amaituko da, eta hautatuei maiatzaren 25ean jakinaraziko zaie". Azkenik, eta boluntariotza amaitutakoan, "parte-hartzaileek boluntariotza-aldian egindako lanen gaitasun-ziurtagiria jasoko" dutela jakinarazi dute.