Frontoiaren erabilera egokirako gida berria egin du Ispasterrek, bete beharreko zenbait arau ezarriz. Izan ere, eta koronabirusagatik hainbat hilabeteetan kirol pista itxi ostean, “gimnasioan dugun erabilera-sistema berdintsua” egiteko nahia azaldu du herriko alkateak, Garbiñe Saenz de Buruagak.

Ordutegiari dagokionez, 07:00etatik 21:00era izango da frontoia erabilgarri, eta “nahita ez, aurretik ordua hartu beharko da. Horretarako, udaleko web orrialdean esteka egongo da ikusgai”. Ordainketak ere on line egingo direla zehaztu dute. Bestetik, “sartzeko giltza, udaletxean eskuratu beharko da bost euro ordainduta. Behin giltza edukita, norberak gordeko du, etorkizunean beste erretserbarik nahi izanez gero sartu ahal izateko”

Bestalde, egun aplikatzen diren osasun neurriak zorrotz betetzea eskatzen dute. “Kantxan, gehienez 4 pertsona, aldi berean, egongo dira” eta kirola egiten den bitartean, “bi metroko segurtasun-distantziak mantenduko dira”. Azkenik, sartu-irteeretan musukoa erabiltzea “nahitaekoa” izango da. Eta aldagelak ezingo dira erabili.