Aurtengoan ere ez da Antxoa Egunik izango Ondarroan. Udalaren kultura batzordeak jaiegun berezia ez egitea erabaki du, koronabirusarengatik. Bestetik, erabaki berdina hartu dute San Juan suak, Gorozikako eta Kamiñazpiko jaiak antolatzeaz arduratzen diren bi auzoetako jai batzordeek. "Jai hauetan jende pilaketa handiak ematen dira espazio nahiko txikian eta horrek ez du ahalbidetzen gutxieneko segurtasun neurriekin ekintzak gauzatzeko aukerarik", udal-admibistrazioko arduradunen esanetan. Antxoa Eguna Ondarroako Udalak antolatzen du eta maiatzaren 15ean zen ospatzekoa gauzak ondo joan izan balira.

"Horrelako jai bat antolatzeak segurtasun bermerik ez egotea ekarriko luke, batetik espazio txikian jende asko pilatzen delako distantziarik mantendu gabe, eta bestetik, egun guztiko jaia izanik, jende pilaketa hori denbora luzekoa izango litzatekeelako", esan du kultura batzordeburu Aritza Aristondok. Hala ere, egun berezi horretako zenbait ekintza mantenduko dituzte. Hala nola, Zilarrezko Antxoa saria; badagoelako benetan merezi duenik". Saria zeinentzako izango den aurrerago argituko dute, baina Aristondok azpimarratu du badakiela herritarrek sariduna nor den jakitean ondo hartuko dutela, "egindako lanak aitortza handia merezi duelako herrian". Horrez gain, gogora ekarri nahi izan du iazko Zilarrezko Antxoa, Artibai Egoitzako langileentzako dena, ekitaldi batean langile, egoiliar eta senideak batu ahal direnean emango dela, "hori zen eta hasiera-hasieratik geneukan helburua, egoitzako familia sari horren parte sentitzea. Merezi duela behar beste itxarotea baina saria ohore eta aitortza guztiak eginez eman ahal izatea".