Azken Osoko Bilkuran behin-behinekoz onartu du Gernika-Lumoko Udalak zaratei buruzko ordenantza. “Egoerari ebatzeko” proposamena egin du toki-administrazioak, Euskal Autonomi Erkidegoan diren hainbat herrik egin duten moduan. Udal-legedi den heinean, edozein dela urraketa zigorrak jartzea ahalbidetuko du. Bestetik, eta bere diren kontuetan lan egiteaz aparte, zarata sortzen duen beste zenbait erakunderekin -Euskotrenen trenbidea, adibidez- bitartekari lanak egingo dituela aurreratu zuten Udaleko bozeramaileek.

“Herritarrekin egin dugun plangintza baten ondorio” dela azaldu zuen Maria Uribe alkateordeak. “Eta prozesu luzearen” ondorio dela gaineratu zuen, zeren “azken urteetan egindako lana da, nahiz eta koronabirusaren pandemiak asko zaildu duen gure lana”. Bada, helmugara heldu dira Gernika-Lumoko agintariak, eta onarpenari -oraindik ordenantzari alegazioak egiteko aukera izango da- EA-EAJ eta EH Bildu alderdiek eman diote baiezkoa.

“Ostalariekin eta herritarrekin egindako lana” izan dela nabarmendu zuen Uribek. Ordenan-tzari dagokionez, “Estatu mailan eta baita Euskal Autonomi Erkidegoan” indarrean direnen “parekoa” dela azaldu zuen. “Ordenantzaren helburua zera da: sortzen diren arazoei behar bezalako erantzuna ematea, eta tresna bat izatea erantzunak eman ahal izateko”, zioenez. Aldez aurretik, Gernika-Lumoko Udalak udalerriaren Zaraten Mapa osatu zuen, eta ostean ekin zion ordenantza egiteari.

2018an ekin zioten, lehen inkesta bat egin ostean eta zortzi aportazio jaso ostean. 2019an ere lanketan aritu ziren, aurkezpen publiko batekin. Bertan izan ziren ostalariak, elkarteak eta hainbat gernikar, eta beste lau alegazio jaso zituzten. “Eta nahiz eta koronabirusak gure lanak oztopatu dituen, azkenean lortu dugu ordenantza osatzea”, esan zutenez. Bestetik, eta iazkoan batipat, Udaleko alderdi politikoek ere barne-lanketa egin zuten, teknikariekin batera. Azkenik, Osoko Bilkurak onartuta, litekeena da ordenantza datorren hilabetean indarrean sartzea.