Urdaibaiko Biosfera Erreserban egindako arrano arrantzalearen berreskuratze proiektuak gero eta hurbilago du arrakasta lortze. Orain dela egun gutxi heldu da Landa emea gune naturaleko heegunera, non Roy arra bere esperoan izan den. “Orain galdera nagusia da Urdaibaiko Biosfera Erreserban arrano arrantzale baten jaiotza ehunka urte ostean, berriz ere ikusiko ote dugun”, Urdaibai Bird Centerreko arduradunek azaldutakoaren arabera.

Edozelan ere, naturak markatuko du arrano arrantzalearen etorkizuna Urdaibain. Baina pauso garrantzitsuak eman dira azkenaldian. Landaren -frantziar jatorriko emea- iritsiera azkena izan da. “Afrikako arrisku guztiak gainditu ondoren, basamortua zeharkatu eta, dorre elektriko, haize-sorgailu eta tiro egin ziezaioketen burugabe guztiak gainditu ondoren penintsulara eta Euskal Herrira iristea lortu du Landak”, dkiotenez. “Baina, azkenean batu da berriz Roy -Eskozian jaioa baina Urdaibaira tikitatik ekarria- arranoarekin”. Alde batetik, “ezaugarri naturalek baldintzatu dezakete ugalketa, hala nola emearen gaztetasunak ugalketa arrakasta murriztu baitezake”. Eta bestetik, gizakiaren laguntza ere izan al dute. Eta lan horretan berebizikoa da Urdaibaiko jendartea eta baita egunotan bisitan diren turistak ere. “Gizakiei lotutako arazoek ere baldintzatu dezakete hein handi batetan ugalketa arrakasta, festetan edo ekitaldietan egingo diren ospakizunetatik hasita”. Bada, arrano arrantzaleak ez molestatzea eskatu dute. Bota litezkeen gailu prioteknikoak ez botatzea, adibidez. Hauek “hainbat hegazti hiltzetik aparte, animalia askori nahasmenduak sortu eta gizakiei enbarazu egiten diete”.

“Ez da ahaztu behar ere paduran solte dabiltzan txakurrak daudela, eta motordun ontziek edo paddle-surfeko taulen gainean dauden pertsonek ere eragozpenak sortzen dituztela habiara gerturatzen direnean”, azaldutakoaren arabera. Horiek dira bikote horrek gainditu beharko dituen “arazoen adibide batzuk”, diote Urdaibai Bird Centerreko arduradunek. Hala ere, etorkizuna baikortasunez ikusten dute, zeren “zorte pixka batekin gizakiek sortutako arazoei izkin egitea lortzen badute, eta lehen txitak jaioko balira, Urdaibairako seinale bikaina litzateke, naturak gure artean bere lekua izan duenaren seinale”. -