Ondarroak baditu hainbat altxor, begibistan direnak. Ezkutuan mantendu diren beste batzuk ere baditu. Eta baita iluntasunetik argira irten berri direnak, 1887. urtean Maria Cristina erreginak herriari oparitutako lehoiaren eskultura kasu. Bi metroko altuera eta beste bi metroko zabalera duen “herriko altxorra” da berau, orduko Espainiako gobernariak arrantzale ondarroarren omenez utzitakoa. Bada, eta bere erakustoki izan den Kalare Deuna kofradiaren lanak aprobetxatuta, orain Udalak Turismo Bulegoan kokatu du eskultura, herritarren bistara.

“1887ko irailaren 12an, Bilboko portuko lanak amaitzear zirela eta Maria Cristina erregina eta bere seme Alfontso (gero Alfontso XIII.erregea izango zena) Bilbora etorri ziren, azken harria jartzera”, Ondarroako Udaletik adierazitakoaren arabera. Orduantxe, eta Maria Cristinaren aginduz, 16 gazte ondarrutar joan ziren Bizkaiko hiriburura, “falua -erregeek erabiltzen zuten itsasontzi berezia- errealean arraun egiteko”. Hala pasetau zen Espainiako gobernaria itsasadarrean zehar. Izan ere, erreginak oso preziatu zituen ondarroar bogalarien maisutasuna. Baina, zergaitik? Orduantxe izan ziren estropada bateko irabazle suertatu zirelako. “Ondarroatik hiru traineru joan ziren, beste hiru Bermeotik, bi Santurtzitik eta bat Zierbenatik. Ondarrutarrentzat izan ziren sailkapeneko lehen bi postuak”, diotenez.

Faluak lehoiaren eskultura zuen brankan, edozein puntutik ikusten zena. Eta ondarroarrei ioparitu zien. Ordutik gaur eguneraino, berau Kofradian izan da, areto nagusiko sarreran. Eta berritzea ere egokitu da, eguneratzeko. “Miguel Muñozek eraberritu zuen karezkoa den lehoia 1978ko maiatzaren 24an. Ia bi metro ditu altueran eta bi metro pasatxo zabaleran”, gaineratutakoaren arabera.

“Orain, Kalare Deuna arrantzaleen kofradiak eta Ondarroako Udalak herriko altxor hori, askorentzat hain ezezaguna dena, Turismo Bulegoan ipintzea erabaki dute. “Alde batetik jendaurrean erakusteko altxorra dela iruditzen zaigu, eta bestetik, Kalare Deuna arrantzaleen kofradiatik atera eta Kofradia Zaharrera mugitzeak ere sinbolismoa badaukala uste dugu; seguruenik hemen egongo zen lehoia Kalare Deuna eraiki baino lehen”, esan dute udal ordezkariek.

Herritarrek bistan jarri nahi dute lehoiaren eskultura, leku oso berezi baten gainera. Turismo Bulegoan zehazki, aintzinako Kofradia koka-tzen zen gune berean. “Lehoia ikusi nahi dutenek Turismo Bulegoko ordutegian egin beharko dute: martitzenetik domekara, 12:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 19:00etara”. Hala ere, udal agintariek “oso garrantzitsutzat” jo dute Covid-19a dela ezarritako “arau guztiak bete-tzea”. Eta testuinguraz jabetzeko, eskulturi buruzko hainbat materiale bildu dute: “Auñamendiko Entziklopedian jasotako pasarte bat eta falua nolakoa zen erakusten zuen ilustrazioa, Jose Mari Etxaburu Kamiñazpik Ondarroa’ko Abestiak liburuan jaso zituen Tiburtzio Urrosolok egindako bertsoak eta Augustin Zubikaraik 1887ko irailaren 12koari buruz jasotako kontakizuna Treiñeru Estropadak liburuan.