Orain dela zenbait urte ekin zioten bere ibilbideari. Kostata, baina gogoz ekin zioten. Eta urtero-urtero, ikasturtez ikasturte, gero eta ikasle gehiago jaso dituzte. 80 izatetik 400 baina gehiagora heldu dira, udalerrian dagoen musikarako grinaren adierazle. Eta Lekeitioko Musika Eskolak profesionaltasuna izan du ardatz, hasieratik. Bada, eraikina egokitzea baino ez dute falta izan, urteak pasata lortu dutena. Eta azkenaldian egindako birmoldaketei esker, Musikaiak aurki izango du Eusko Jaurlaritzaren aitortza ofiziala. Honen bitartez, dirulagun-tzak jasotzeko aukera izango dute, baita EHME (Euskal Herriko Musika Eskolak) sarean aritzeko aukera ere. “Eta, batez ere, gure lana aitor-tzeaz gain, hazteko aukera”.

“Beti jokatu dugu profesionaltasunez. Baina oraindik azken pausoa ematea falta zitzaigun”, dio Oihana Etxabe Musikaiako arduradunak. Lekeitiarrek lortu dute azken helmugara iristea. “Pozgarria da zeren aukera berriak izango ditugu eskola ofizial mailan funtziontatzeko, horrek dakartzan abantaila guztiekin, eta baita eskola ofizialen sarea sartzeko ere. Oso garrantzitsua da Lekeitiorentzat, jakinda zer musikarako afizio dagoen herrian”. Hala, emandako azken pausoa “oso garrantzitsutzat” kalifikatu dute Musikaiatik, nahiz eta Lekeitioko musika eskolak beti funtzionatu izan duen beste erakunde ofizialen pare. “Emandako eskaintza oso ona da, beti ere profesionaltasunean kokatutakoa. Eta, azkenik, azpiegitura hobetzea baino esz dugu izan”.

Lan horretan berebizikoa izan da Lekeitioko Udalaren aportazioa. “Legedia oso zorrotza da kontu honetan, eta espazioaz gain, baliabideak ere oso zehatzak dira. Gelen espaziotik hasita, beharrezko zen insonorizaziora arte”, Etxaberen esanetan. Hala, Udalak hainbat lan egin dute azken urteotan, eraikina egokitze aldera. “Eskolaren ofizialtasunaren aitortza lortzeko 289/1991 dekretuan zehazten den beharretara egokitu behar izan da eraikina. Hau da, Musika Eskolen araudiak eskatzen dituen moldaketak egin behar” izan dira eraikinean. Izan ere, “gogoratu behar da ere, eraikin berean asteburuetan Gaztegune zerbitzua ematen dela, hori dela eta, eraikina Musika Eskola eta Gaztegune bezala birgaitzeko lanak egin behar izan dira, bi zerbitzuak bateragarriak izatea mantenduz”. Udalak zken urtetotan egindako inbertsioa 416.000 eurokoa izan da.

“Lanek eskolarentzako erabilgarria den azalera handitzea bilatu dute. Erdiko solairuan, Musika Eskolek dituzten premiak kontuan hartuta, 20 metro koadroko bi gela eraikiko ziren eta beste hiru 15 metro koadroko baino gehiagokoak, horietaz gain irakasleen gela bat ere egin zen 20 metro koadrokoa”. Era berean, solairu honetan sortutako gela guztiei isolamendu akustikoa jarri zitzaien eta komunak egokitu ziren. Horretaz gain, eraikinaren kanpoaldetik araudia betetzeko beharrezkoa den larrialdietako irteera bezala erabiliko den eskailera egin da. Lanen bigarren fasean eraikinaren beheko solairua egokitzea bilatu zen. Musika Eskolaren idazkaritza eta entsegu-gela kokatuko dira bertan, jakinarazi dutenez. Guzti honek Musikaia ofizialtasunaren bidean jarri du, azken pausoa emateko zain.

“Pauso garrantzitsua da emango duguna, musika hainbeste maite duen herri batentzako”

Musikaia Musika Eskolako arduraduna